Zelandi ikastetxeko publikoko eskola kontseiluak eta guraso elkarteak hainbatetan eskatutako lana aurten eginen da. Euria egitean putzuak sortzen dira patioan eta hori saihesteko kanalizazio eta urbanizazio egokia eskatu zuten. Altsasuko Udalak lan horiek emateko deialdia egin berri du eta uda parteko bi hilabeteetan egitekoak dira. Lanek 190.083,40 euroko (BEZ kanpo) aurrekontua dute. Udalak lanak finantzatzeko Nafarroako Gobernuaren 236.000 euroko dirulaguntza du.
Eskolako patio nagusia zelaiegia da eta euria egiten duenean dauden estolda-zulo eskasek ez dute ur guztia hartzen eta putzuak sortzen dira. Sarrerako patioan ez dago halako arazorik. Konponbidea emateko kiroldegiaren hego mendebaldean ura jasotzeko saredun kanaltxoa jarriko dute, baita kirol pista berrituaren mendebaldean. Bi hartune horiek lotuta egonen dira eta hodi hori eskola pareko Zelai Txiki kaleko hodiarekin lotuko dute. 120 bat metro luzeko hoditeria eta hainbat estolda zulo jarriko dituzte. Horretaz aparte ura haietara bideratzeko zoruari malda pixka bat emanen diote zoru berrian.
Bide batez, lanak baliatuko dira baldintza berdinekin kirol pista guztiz berritzeko. Gaur egun pistak kiroldegiko eskaileren ondoan “hozka” bat du eta ez da guztiz lauki luzea. Lanak despeditzean, pistak 32 metro luze eta 18 zabal izanen dituzte.