Palestinari elkartasuna adierazi zioten

Guaixe 2021ko mai. 20a, 18:46
Foru plazan egin zen bilkura.

Foru plazan egindako elkarretaratze baten bidez egin zen, Nakbaren 73. urteurrenean, ostiralean.

Sortuk deituta, Palestinari elkartasuna adierazteko hainbat lagunek kontzentrazioan egin zuten ostiralean. Egun horretan hondamendia edo nakba gogoratzen dute palestinarrek. Izan ere, 1948ko arabiar eta israeldarren arteko gerraren ondorioz, beraien etxeetatik bota edo ihes egin behar izan zuten 700.000 palestinarrek. Haien ondorengoak kontutan hartuta lau milioi palestinar daude errefuxiatuta edo tokiz aldatuta (Gazara eta Zisjordaniara joan zenik ere badago eta). 

Ostiraleko bilkuran Sortuk salatu zuenez, “Israelgo estatuak eta kolono juduek jarraitzen dutela palestinarrak bere lur eta etxeetatik kanporatzeko politika maltzurrarekin”. Horren adibide Zisjordaniako Sheij Jarrah auzoa jarri zuten ezker abertzaleko alderdiko ordezkariek: “Israelgo polizia era kolonoak familia palestinarrak haien etxeetatik kanporatzen. Horrek palestinarren haserrea ekarri du eta kale protesta nabarmenak eragin ditu”. 

Ondoren etorri den gatazka armatuan “palestinarren esku hutsak” eta israeldarren “arma sofistikatuak aurrez aurre ari dira”. Zauritu eta hildako gehienak palestinarrak direla nabarmendu zuten Sortutik. Alderdiak elkartasuna helarazi zion Palestinako herriari eta “politika anexionistekin bukatzeko exijitu” du. Aldi berean, “Palestinako herriaren autodeterminazio eskubidea, burujabetza edota independentziarako eskubidearen aldeko deia egin zuen”. Sortuk “Palestinako herriarendako bakea eta konponbidea aldarrikatu du”.