Sexualitatea, irudietan, gazteen ikuspegitik

Guaixe 2021ko mai. 25a, 13:57

Sarituak antolatzaileez inguratuta. Argazkia: Nerea Mazkiaran Zelaia.

Gozamenez film laburren lehiaketak baditu irabazleak: Olaia Carabias Herrero eta Erika Diaz Duran, Cristina Matias Tapia eta Cristina-Ramona Mircea.

Gozamenez film laburren lehiaketak aurten Sexualitate hozkadak. Sexu eta Harremanei buruzko istorioak leloa zuen. Haren bidez sexualitateari buruz hausnartzea eta haren gainean ditugun ideia eta ikuspuntu desberdinak adierazteko bidea eman nahi izan zaie 12 eta 30 urte arteko gazteei. Sakanako Gozamenezek, Altsasuko Udalaren laguntzaz, antolatutako film laburren lehiaketako sari banaketa egin zen ostiralean. 

Lehiaketak hiru maila zituen. Talde batek egindako film labur onenaren saria (250 euro) Olaia Carabias Herrerok eta Erika Diaz Duranek aurkeztutako Poza ikusteko prest lanarendako izan zen. “Gozatzen eta dantzatzen, irribarreak ateratzen”, hala laburbildu zuten beraien lana. Banakako lan onenaren saria (70 euro) Cristina Matias Tapiak eskuratu zuen De colores para gustos ikus-entzunezkoarekin. Irudien bidez islatu zuen ideia da: “gehien gustatzen zaidana egiten goza dezaket bakarrik, eta lagunartean ere goza dezaket, ondoan ditudanekin eta urrutien daudenekin”. 

Azkenik, www.altsasu.eus webgunearen bidez emandako botoek gazteen saria erabaki zuten. 400 bat ikuskatze izan ziren eta 116 boto eman ziren. Haietatik 57 Cristina-Ramona Mirceak jaso zituen, eta beraz, saria berarendako izan zen (100 euro). Happy lanaren bidez “zoriontsu egiten gaituena eta pandemiaren erruz bizitzen ari garen une zail hauetan gozatzea” jaso nahi izan zuen. Mirceak sariketan badu eskarmentua, joan den urtean banakako saria eskuratu baitzuen.

Antolatzaileen izenean Eneka Irizar Martinez, gizarte zerbitzuetako prebentzio teknikaria, Altsasuko Udaleko gazteria teknikari Blanki Torres, Javier Ollo Martine alkatea eta Mª Carmen Goikoetxea zinegotzia izan ziren. Azken horiek izan ziren sariak banatu zituztenak.