Kirol erakundeendako dirulaguntza deialdia

Guaixe 2021ko mai. 26a, 11:30

Emakumezkoak pilota eskolan. Artxiboa.

Eskabideak udaletxean edo udalaren erregistro telematikoan garagarrilaren 18ra arte aurkeztu daitezke. 

Kirola pertsonaren prestakuntza, garapen integrala, gizarteratzea eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen duen jardueratzat du Altsasuko Udalak. Horregatik, altsasuarren artean praktika hori bultzatzeko eta zabaltzeko herriko kirol klubei eta elkarteei diru-laguntzak emateko dirulaguntza deialdia onartu du. Altsasuko Udalak, guztira, 20.000 euro banatuko ditu. Diru hori hiru zatitan banatu du: 12.400 euro 16 urte arteko programarako, 7.000 euro arte kirol ekitaldien antolakuntzarako eta beste 600 euro 16 urte arteko jardueretarako. Udalaren deialdira aurkeztu daitezke herrian egoitza duten klubak edo bere jarduera nagusia Altsasun bertan egiten dutenak. 

Deialdiaren bidez, Altsasuko Udalak kirol erakundeen jardueren programak garatzen lagundu nahi du, bai lehiakorrak direnak baita ez-lehiakorrak ere. Udalak ere dibertsitate funtzionala duten pertsonendako kirolari ere bereziki bultzada eman nahi dio. Laguntzak ere kirol arloak asoziazionismoa finkatzea du helburu, gizon eta emakumeen kirolerako jartzen diren baliabideak berdintasunez banatu eta kirol jarduera garatzeko erabiltzen dituen hizkuntza eta irudiak berdintasunez erabiltzen dituena. 


Hiru atal 
Dirulaguntzak hiru atal ditu. 16 urtetik gorakoendako kirol jarduerei dagokienen barruan honakoak sartzen dira: kirol eskolen edo 16 urte bitartekoentzako jardueren jarraipena bermatzen dutenak, federazioen ligetan parte hartzen duten taldeak edo kirolariak dituztenak, kirol praktika bultzatzen duen jarduera-programa propioa dutenak; programatutako jardueretan emakumezkoen parte-hartzea bultzatzen dutenak, euren kirolean emakumezkoen kategoriak dituztenak, erreferente femenino hurbilak eta positiboak egotea kontuan hartu eta aukera-berdintasunean prestakuntza duten bi sexutako monitoreak dituztenak eta erabakitze organoetan gizonen eta emakumeen arteko parekotasunerako joera dutenak. 

Kirol ekitaldiei dagokienez, laguntza jasotzeko baldintzak dira: emakumezkoen parte-hartzea beraiendako bereziki prestatutako jardueren bidez bultzatzen dutenak, herriko kirolarien eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen parte-hartzea bultzatzen dutenak, gazte mailako jarduerak bultzatzen dituztenak eta jarduera ez-lehiakorrak bultzatzen dituztenak. 


Azkenik, Altsasuko Udalak diruz lagunduko ditu 16 urte arteko haur eta gaztetxoendako jarduerak, baldin eta jarduera horiek udaleko kirol eskolen eskaintza handitu edo osatzen badute. Mistoak izan beharko dute, edota gizonezkoen eta emakumezkoen modalitateak eduki.