Udal jardueretan izena emateko garaia iritsi da

Guaixe 2021ko mai. 25a, 09:37

Gu Geu Gazteko parte hartzaileak beira edukiontzia margotzen. Artxiboa.

Altsasuko Udalak antolatzen dituen Aisiz blai, gazte jarduerak, kirol eskolak eta musika eta dantza eskolan izena emateko epea maiatzaren 26ra arte dago zabalik. Gazte jardueren  eta kirol eskolen  kasuan garagarrilaren 4ra arte.

Altsasuko Udalak aldi berean zabaldu du udarako jardueren eskaintzan eta heldu den ikasturteko kirol eskola eta musika eta dantza eskolan izena emateko epea. Gazteria, Ludoteka, Kirol eta Musika Zerbitzuek prestatu duten eskaintza horren berri ikastetxeen bidez etxeetan jasoko da eta, bestela, www.altsasu.eus webgunean ikus daiteke. Aurtengo berritasuna da triptikoaren orrialde berezi batean, parte-hartzaileei eta familiei gogorarazi zaiela haur eta nerabe osasuntsuak izateko funtsezkoa dela mugitzea eta kirola egitea, fruta eta barazki asko jatea eta koipe eta azukreen kontsumoa murriztea. “Hori pentsatzera animatzen zaitugu, erosketak egiten dituzunean”, esan dute zerbitzuetako arduradunek.  

Udako eskaintza 
Ikasturtea bukatu berritan lana eta familia kontziliatu nahi dutenendako eskaintza da Aisian Blai. Garagarrilaren 22, 23, 24, 25, 28 eta 30ean garatuko da 08:30etik 13:30era, ludotekan, 3 eta 12 (2009-2018) urtetako haurrei zuzenduta dago. Aisialdi eskaintza hori garilean eta agorrilean ere eginen du udalak. Bi hilabete horietan 4 eta 12 urte arteko (2009-2017) haurrei zuzenduta. 09:30etik 13:00ak bitartean izanen da garilean eta agorrilean, berriz, 10:00etatik 13:00etara. Bi hilabete horietan hamabostaldika eman daiteke izena. 

Bestalde, Intxostiapunta gazte guneak aurki udako ordutegia hartuko du. Hala, garagarrilaren 7tik irailaren 24ra 18:00etatik 20:00etara egonen da zabalik astegunetan. Gazte Informazio Gunean, berriz, ohiko ordutegiarekin segituko du, 07:30etik 15:00etara. Gazteendako aisialdi eskaintzari dagokionez, Udagazte herri kanpaldia 12 eta 16 urte arteko gazteendako dena, garilaren 12tik 23ra izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Gazteei zuzendutako eskaintzen artean daude: ur festa goxoa, Hiri Dantza (garilaren 8an), kabareta (garilaren 15ean), Donostiako hondartzara irteera (garilak 27),   arratsaldeak naturan (agorrileko astearteak) edota aniztasun funtzionalak dituzten gaztendako zuzendutako Gu Geu Gazte programa (garilaren 5etik 29ra). 

Kirol eskaintza 13 kirol eskolek osatzen dute: atletismoa, taekwondoa, gimnasia erritmikoa, yoseikanbudoa, tenisa, saskibaloia, futbola, igeriketa, patinajea, txirrindularitza, eskupilota, emakumezkoen pala eta erremontea. Azken hori berritasuna da eta 13 eta 15 urte arteko neska eta mutilei zuzenduta dago. Udalaren asmoa da kirol eskoletan emakumeen parte-hartzea handitzen jarraitzea, batez ere maskulinizatuen daude kiroletan. Horregatik, emakumezkoen pala eskaintza nabarmendu dute zerbitzutik: adinaren araberako bi talde izanen dira, baita emakumezkoen esku pilota taldea ere. Horregatik guztiagatik, neskak pilota eskolan parte hartzera eta probatzera animatu dituzte. Arrazoi beragatik 2009 eta 2011 urteen arteko neskei futbol eskaintza probatzeko gonbidapena egin diete. Helburua emakumezkoen futbol 8ko eta futboleko talde bana sendotzea litzateke. 

Arlo horretako beste berrikuntza gazteen erronka-jarduera da, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoei zuzenduta. Erronkak eta multiekintzak beste aukera bat eskaintzen diete kirol-eskolei jarduera fisikoa egiteko, pediatriaren arlotik jarraipena egiten zaie eta haien helburua bizimodu osasungarria eta aktiboa sustatzea da. 

Igeriketa 
Zelandi kirol gunean ikastaro trinkoak izanen dira garagarrilaren 7tik 18ra, astegunetan. 40 minutuko saioak izanen dira. Bestalde, bazkide egiten direnak kiroldegiko edo Dantzalekuko igerilekuak erabiltzeko aukera izanen dute. Azken horiek garagarrilaren 21ean zabalduko dituzte, hobekuntza lanak egin ondoren. Zelandiko bazkide ez direna Dantzalekuko igerilekura sartzeko eguneko edo hilabeteko txartelak dituzte aukeran. 

Izena ematea
948 012 012 telefonora hots egin edo aipatu webgunean sar daitezke interesa dutenak. Musika ikasketen kasuan, ikastetxean bertan egin daiteke, edo 948 564 581 telefonora hots eginez. Eskaintza batzuen matrikulan hobariak daude errentaren arabera.