500 urte beranduago

Guaixe 2021ko mai. 24a, 12:35
Nafarroa Berriz Altxa! herri ekimenak Altsasun egindako ekitaldia.

Nafarroa Berriz Altxa! Subiranotasuna askatasuna da herri ekimenak ekitaldia egin zuen larunbatean Altsasuko Foru plazan. Ekainaren 19an eginen dute manifestaziorako deia egin zuten

Duela bostehun urte Nafarroa bere “subiranotasunaren defentsan” altxatu zela gogoratu zuen Nafarroa Berriz Altxa! herri ekimenak Nafarroan zehar egindako ekitaldietan, tartean Altsasuko plazan egindako ekitaldi “xumean”. 1893ko Gamazadako “beroan” islatutako hitzak, ondoren Foruen monumentuan zizelkatutakoak, ekarri zituzten gogora: Gu gaurko euskaldunok, gure aitasoen illezkorren oropienean bildu gera emen gure legea gorde nai degula erakusteko. Belaunaldiz belaunaldi nafarren “promesa” bezala iraun dutela adierazi zuten irakurritako manifestuan: “Gu gaurko euskaldunak bildu gara gure askatasunak babestu nahi ditugula adierazteko”.


Besteak beste, ekitaldian auzatea egin zuten. 

Nafar herria “inkonformista, basati eta independentea” dela aldarrikatu zuten, eta izaera hori “jarreretan, obretan eta gatazketan” erakutsi duela gaineratu zuten irakurritako manifestuan. “Errebeldia hau gaur egun arte iraun du, aurreko garaietan eta azken mende erdian bezala, kaleetan, lantokietan, eskoletan, NATOren kontra, errepublikaren alde, abortuaren alde, hizkuntzaren defentsan, eritrozitoen kontra, autogestioaren alde, feminismoaren alde eta zigortutako herritarren alde borrokatuz”. Nafarroa “mila eta bat” aldiz haren herritarren defentsan altxatu dela gogoratu zuten.


Manifestuaren irakurketa.

Espainiak pairatzen duen krisiak pandemiaren ondorioak areagotzen dituztela eta tresna “eratzaileak” sortzea ezinbestekoa dela esan zuten: “Politika publikoak, gehiengoaren alde jartzen direnak, modelo soziala eta ekonomiko justu baten alde egiten dutenak”. Ekainaren 19an Iruñean eginen duten manifestaziora deitu zuten.