Pentsiodunen mugimenduaren manifestazioa larunbatean

Guaixe 2021ko mai. 26a, 10:51

Pentsio duinen aldeko manifestaziorako deialdia.

Euskal Herriko hiriburuetan eta herritan mobilizazioak eginen dira maiatzaren 29an. Sakana mailakoa Altsasuko Foru plazatik aterako da, 18:30ean

Astelehenero bezala Sakanako pentsiodunen mugimendua pentsio duinak eskatzeko elkartu ziren Altsasun. Larunbatean Euskal Herri mailan eginen diren manifestazioen berri ematen zuten ere. Pentsio buruzko neurriek eragiten diete buruzko “argitasuna eta gardetasuna” eskatzen dute, “bai pentsiodun garenoi bai bihar eta etorkizunean izango direnei”. Pentsio publiko duinak! Manifestazioa larunbatean izanen da, 18:30ean, Altsasuko Foru plazatik.

Besteak beste, lan eta pentsio erreformak indargabetzea, proposatutako murrizketa berriak indargabetzea, gutxieneko pentsioak 1080 eurokoa eta gutxieneko soldata 1200 eurokoa izatea eta genero arrakalarekin amaitzea eskatuko dute. “Indargabetu gabe pasatzen den egun bakoitzeko, murrizketa berriak errazten dira eta prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzen dira”. Manifestazioan eragile sozial eta sindikal “ugarik” parte hartuko dute, bakoitzak bere “egoeratik eta aldarrikapenekin”.