Saskibaloia

CBASK-Jatormanek lau punturengatik galdu zuen azken faseko lehen partida

Guaixe 2021ko mai. 27a, 11:30

Argazkia: Artxiboa.

Sailkapen gurutzaketan jokatutako lehen partidan, CBASK-Jatormani 66 eta 70 irabazi zion Avia Zizur Ardoik. Bigarren partida larunbatean jokatuko dute, 19:30ean, Zizurren. Finalerdietara sailkatu ahal izateko 5 tantotik gorako aldearekin irabazi beharko luke

Autonomia Arteko 2. Mailako 1. faseko liga erregularrean 6. sailkatu eta gero, ligako postuak erabakitzeko 2. faseari ekin dio CBASK-Jatorman taldeak. Aipatu moduan talde altsasuarra 6. postuan sailkatu zenez, 3. postuan sailkatu zen Avia Ardoi taldearekin jokatuko du azken faseko sailkapen gurutzaketa. Hau da, elkarren kontra bi partida jokatuko dituzte, eta bi partidetako emaitzak kontuan hartuta alde gehien ateratzen duen taldea sailkatuko da azken faserako, finalerdietarako. 

CBASK-Jatormanek eta Avia Ardoik larunbatean jokatu zuten euren arteko lehen partida, Zelandin. Printzipioz Ardoi zen faboritoa, baina talde altsasuarreko entrenatzaile Iosu Mendiolak aipatu moduan, CBASK oso motibatuta dago, azken fasera sailkatzeko gogotsu, eta bi taldeek partida oso lehiatua eskaini zuten Zelandin. Parez pare ibili ziren, baina, azkenean, Avia Zizurrek 4 puntuko errenta lortu zuen eta 66 eta 70 irabazi zion CBASK-Jatormani. 

Avia Zizur Ardoik irabazi zuenez, euren arteko bigarren partida Zizurren jokatuko da, larunbatean, 19:30ean. Azken fasera sailkatzeko, partida 5 tanto baino gehiagoko aldearekin irabazi beharko luke CBASK-Jatormanek. Hortaz, oraindik zabal zabalik dago kanporaketa, bietako edozeinek lor dezake finalerdietarako sailkatzea. 

“Lehen partida ez zen, orokorrean, gaizki joan. Nahiko partida berdindua izan zen; batzuetan beraiek aurretik joan ziren, baina gu ere batzuetan aurretik jarri ginen. Azkenean eurek irabazi eta lau puntuko errenta dute, baina bueltako partidarako alde hori ia ez da ezer. Sailkapen gurutzatutako lehen zatia jokatuta, orain bigarren zatia geratzen zaigu, etxetik kanpo. Batetik okerragoa da, baina agian ere ongi etorri ahal zaigu etxetik kanpo aritzea, esaterako horren urduri ez egoteko. 5 puntugatik irabazten badugu finalerdietara sailkatuko ginateke. Beraz, irabaztea espero dugu, azken fasea jokatu ahal izateko” nabarmendu du Iosu Mendiola entrenatzaileak

2. maila autonomikoa: CBASK-Ifuelen beste garaipen bat
Nafarroako 2. maila autonomikoko 2. senior mailan 14. jardunaldia jokatu zen asteburuan. CBASK-Ifuel taldeak Noainen kontra jokatu zuen igandean, azken hauen etxean, eta azken garaipenen bidetik jarraitu zuten altsasuarrek, 58 eta 70 hartu baitzituzten mendean noaindarrak, partida bizi eta  politean. Horrela, sailkapenean gora egin du CBASK-Ifuelek eta orain 3. postuan dago, 16 punturekin, Gazte Berriak liderretik (22 puntu) 6 puntura. 

Asteburuan 15. jardunaldia dago jokoan eta sailkapenean azkena den Beriain izango du aurkari, larunbatean 16:00etan Beriainen jokatuko den partidan. Ea altsasuarrek garaipenaren xendan jarraitzen duten. 

Emakumezkoen junior maila:CBASK-Albeniz eta Valle de Egües 13 taldeen arteko lehia, atzeratuta
Emakumezkoen juniorren 1. mailan, 14. jardunaldia jokatu zen asteburuan, lehen faseko azken jardunaldia baina CBASK-Albeniz talde altsasuarrak eta Valle de Egües 13 taldeak jokatu beharreko partida atzeratu egin zen. Sailkapen orokorrean Aranguren Mutilbasket 04 taldeak jarraitzen du lider (24 puntu), eta CBASK-Albeniz 7. postuan dago (2 puntu), partida bat gutxiagorekin. Lehen fasea despedituta, pentsatzekoa da aurki 2. fasea abiatuko dela.