Pentsioak publikoak eta duinak izan daitezen

Guaixe 2021ko mai. 28a, 14:58

Pentsio duinen aldeko aurreko manifestazio bat.

Larunbatean, 18:30ean, Altsasuko Foru plazatik abiatuta. Gaurko eta etorkizuneko pentsio publikoak ‘bermatuta’ egotea eta ‘pentsioen inguruko neurriei buruzko argitasuna eta gardentasuna’ aldarrikatuko du Sakanako pentsiodunen mugimenduak.

Pentsio duinak aldarrikatzeko larunbaterako makina bat deialdi egin dira Euskal Herrian eta estatuan. Sakanan ere pentsio duinen aldeko manifestazioak honako leloa izanen du: Pentsio publiko duinak! Murrizketarik ez! Pribatizaziorik ez! Pentsiodunen mugimenduak salatu duenez, “onartezina da hiru urteko mobilizazioen ondoren lortutako konkistak arriskuan egotea eta pentsio publikoak, duinak, bidezkoak eta nahikoak bermatzeko pauso irmorik ez egitea”. 

Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideen iritziz, “Toledoko Itunak eta kongresuko bozketak Pentsio Sistema Publikoa bideragarria dela agerian uzten duten arren, pentsioak murrizten ari diren erreformek bere horretan jarraitzen dute eta murrizketa berriei ateak irekitzen zaizkie”. Gaineratu dutenez, Pentsio Sistema Publikoa “ez bermatzearen” ondorioz, “pentsioak murriztu eta murrizketa berriak errazten ditu”. Aldi berean, lan eta pentsio erreformak ez indargabetzearen ondorio jo dituzte “prekarietatea, desberdintasuna eta pobrezia areagotzea”. Horregatik, guztiagatik estatuko eta Nafarroako gobernuei eskatuko diete mugimenduaren “aldarrikapenak bermatzea eta indarrean dauden eta ezarri nahi diren murrizketak berehala indargabetzea”. Mugimenduaren deialdiarekin bat egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko sindikatuek, hau da, ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT. 


Eskaerak 

  • 2011ko eta 2013ko pentsio erreformen eta 2010eko eta 2012ko lan erreformen murrizketak indargabetzea.
  • 2021ean iragarritako murrizketa berriak eta Escriva jaunak sustatutako Pentsio Publikoen Sistemaren pribatizazioa gaitzestea.
  • Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldata 1.200 eurokoa izatea.
  • Soldatetan eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin bukatzea. Ezkontidearen pentsioaren %100 alarguntza pentsiorako.
  • Erretiro aurreratua, Kongresuan eta Autonomia Erkidegoetako Parlamentuetan onartutako legez besteko proposamenaren arabera, kotizatutako 40 urterekin zigor gabe onartzea.
  • Pertsonek bizi baldintza duinak eta osasun zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozio sanitarioak izateko duten eskubidea bermatzea, gure osasuna bermatzeko.