Isunen "larritasunaz" gaztigatu dute

Guaixe 2021ko eka. 4a, 11:03
"Buroerrepresioaren" salaketa Iruñera eramanen dute.

Mozal legean oinarritutako isunak direla nabarmendu dute, baita pandemia garaiko ezohiko testuinguruan jarriak direla ere.

Hainbat altsasuarrek bat egin zuten Ospa! mugimenduak eta Isunen Aurkako Taldeak deituta egin zen Isun politikorik ez! Alde hemendik lelopean kontzentrazioan. 2020ko maiatzean Patxi Ruiz preso politikoaren gose grebaren egoerari buruzko esku orriak banatzeagatik 4.800 euroko isunak jaso dituzte hainbat altsasuarrek. Eta aurretik jasotako isunekin 20.000 euro egiten dutela adierazi zuten.

Gaur egungo prekarietate testuinguruan tamaina horretako diru kantitatea langile klasearendako dirutza dela gaztigatu zuten. Deitzaileek garrantzitsutzat jo zuten isunei aurre egitea eta elkartasuna adieraztea, “denon artean hau guztia gelditzeko”. Ohartarazi zuten Altsasun bezala, beste hainbat tokitan ere “isun politikoak” jartzen direla. Eta aurreratu zuten isun horien salaketa Iruñera eramateko asmoa dutela.