Saskibaloia

7 puntuko alde txikiarekin erori zen CBASK-Jatorman, Lauko final zirraragarrian

Guaixe 2021ko eka. 7a, 11:40
CBASK Jatormaneko taldekideak, besarkatuta, finala galdu ostean.

Zelandin jokatutako Lauko Finaleko larunbateko finalerdian Humiclimari irabazi eta gero, atzo San Cerninen kontrako final handian 81 eta 74 galdu zuen Altsasuko taldeak, partida lehiatu eta gogorrean

Altsasu saskibaloi gunea bilakatu da asteburuan. Zelandik Autonomia Arteko 2. Mailako Lauko Finala hartu du asteburuan, eta Altsasuko CBASK taldea guztia prestatzen buru belarri ibili da. Larunbatean jokatu ziren finalerdiak, eta CBASK-Jatormanek 70 eta 81 irabazi zion Berriozarko Humiclimari, partida estuan. Horrela, final handia jokatzeko sailkatu ziren Iosu Mendiola Marañonen mutilak. Beste finalerdian San Ignacio bidean utzi zuen San Cernin izan zen euren aurkaria atzo jokatutako final handian. 

CBASK Jatormanek eta San Cerninek final ikusgarri, lehiatu eta borrokatua eskaini zuten atzo. Zaletasuna sortzen dutenetakoa. Zelandi kiroldegian jokatutako final zirraragarrian, tamalez Iruñeko taldea 81 eta 74 gailendu zitzaion talde altsasuarrari, 7 puntuko aldearekin. Nolanahi ere, eta  sekulako denboraldia egin eta gero, Autonomia Arteko 2. Mailako txapeldunordea dugu CBASK Jatorman. Zorionak!