Astekaria

"Beti erabili dugu musika aldarrikapenak egiteko"

Eneida Carreño Mundiñano eta Erkuden Ruiz Barroso 2021ko eka. 8a, 14:39

Ekainaren 12an, 19:30ean, Iheskide taldeak 'Tinko gurean' diskoaren aurkezpen kontzertua eskainiko du, Iortia kultur gunean. Punk rockaren eta "oihuen" bidez egoerari buelta eman nahi diotela esan du Gaizka ‘Tronpi’ taldeko kideak

Tinko gurean da Iheskide musika taldearen lan berria. Taldea 2004. urtean sortu zen, Elorrion, Ihesbide izenarekin. Boskote bat biltzen zen musika egiteko, "ihesbide bat zelako guretzako". Taldeak ibilbide "gorabeheratsua" izan du, eta duela urte batzuk geldialdia egitea erabaki zuten kideek. Orain, hirukote bezala itzuli da. Aldaketak izan arren, taldeak betiko esentzia mantentzen du: "Rocka zainetan, punka izaeran eta borroka bihotzean". Lan berria beraiek ekoiztea erabaki dute, eta egoerara egokitu dira ere. Ekainaren 12an, larunbata, 19:30ean, Iortia kultur gunean kontzertua eskainiko dute. Sarrerak 12 eurotan eros daitezke Iortia kultur gunearen webgunean edo txarteldegian. 

Zein da Iheskideren historia?
Orain Iheskide Elorrioko hirukote bat da. 2004. urtera arte jo behar dugu, eta orduan boskote moduan elkartu ginen. Talde desberdinetatik gentozen gazteak ginen eta gaztetxean biltzen ginen. Lokal batean elkartzen hasi ginen eta garai horretan bertsioak jotzen genituen. Horrela sortu zen Ihesbide taldea, guretzako ihesbide bat zelako. Maketa bat eta luze bat atera genituen. 2008an taldea bertan behera gelditu zen atxilotu nindutelako, eta espetxean nengoela aurrera jarraitzeko esan nien. Hor izan zen izen aldaketa: Iheskide. Ni ez nengoela kontzertu batzuk egin zituzten eta atera nintzenean harritu nintzen taldeak hartu zuen oihartzunarekin. Bat-batean plazak beteta ikustea… Irabazi arte diskoak gero bat markatu zuen. Ibilbide gorabeheratsua izan du taldeak. Denborarekin gauzak asko pilatzen dira, iritzi desberdinak agertzen dira eta egunerokotasuna ere hor dago eta taldea bertan behera gelditzea erabaki genuen.

Eta, orain, itzuli zarete.
Etenaldiaren ostean gure arteko harremanak hoztu ziren, baina herrikoak gara eta egun batean kafe baten bueltan elkartu ginen eta lokalean lau toke egiten hasi ginen. Euskal Herria mukizapi bat da, eta Hatortxurock-en parte hartzeko proposamena iritsi zitzaigun. Berriro entseatzen hasi ginen eta buleta jaialdian izan zen. Erabaki genuen ezer ez aurreikustea, ez baldintzatzea. Hatortxurock izugarria izan zen eta hamabost egunera elkarut ginen eta berriz martxan hasi ginen.

Taldearen beste ziklo bat hasi da?
Taldearen itzulerak beste ziklo bat markatzen du. Argi dugu denbora aurrera joan ahala gure egunerokotasuna eta bizi proiektuak aldatzen direla, beste gauza batzuk ezinbestean lehenesten ditugu. Baina aldaketa horrekin batera eta haietara egokituz, esan dezakegu ziklo berriari egurra emateko prest gaudela. Katak taldea uztea erabaki zuen, eta hirukote moduan jarraitzea erabaki genuen. Horrela atera da Tinko gurean diskoa. Hiru urte horietan jendeak idatzi digu esanez ea bueltatu behar ginen, eta horrek bultzatzen zaitu.

Punk-rock talde baten kontzertua antzoki batean. Posiblea da?
Kontziente gara ez dela punk rock kontzertu bat eskaintzeko lekurik aproposena. Baina, aldi berean, jarrera kontua dela uste dugu. Beste edozein kontzertu bezala prestatuko dugu. Hasieran dudak izan genituen. Disko berria atera dugu, egoera berezia, baldintzak, neurriak, zuzenekoak… baina kontzertua eskaintzera begira, betiko "normaltasunari" eutsi nahi izan diogu. Jendearentzat berezia izan dadin ahalegina egingo dugu; antzoki batean egotearen eta kontzertua eserita ikustearen "normaltasun ez" hori gure doinuekin eta oihuekin oldarraldiaz apurtuko dugu.

'Tinko gurean' disko berria aurkeztuko duzue. Nolakoa da diskoa?
Hirukote formatura pasatzeak aldaketak ekarri ditu diskora. Baina era oso naturalean atera dira kantak eta formatu aldaketa bera ere. Diskoa azkarragoa eta zuzenagoa atera da, nahiz eta taldearen betiko esentzia mantentzen duen. Iheskideren berrespena bezalakoa da; salaketa berdinak jarraitzen dute. Kolaborazioak ere izan ditugu, Des-kontroleko lagunek eta Ataramiñe argitaletxeko lagun batek bizpahiru letrekin lagundu digute.

Zer diote letrek?
Guk beti esan dugu, beti erabili izan dugu edo baliatu izan dugu musika, punk rocka, salaketak eta aldarrikapenak egiteko. Azkenean guretzako komunikatzeko eta gure iritzia eta salaketak plazaratzeko ezinbesteko tresna bat da; beti esan dugu gure mezuak zabaltzeko tresna gisa baliatzen dugula punk rock-a eta gaur egun, oraindik ere, mila arrazoi ditugu kantak egiten jarraitzeko. Badago salaketarako zera hori. Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoagatik beti egon dira presente horrelako mezuak musikan, eta gaur egun arte gelditu dira. Orduan, tinko mantentzen dugu gure mezua. Esaterako, osasun krisiaren atzean dagoen krisi soziala eta politikoa azaleratzen dugu, nostalgian ere erortzen gara, deserrian daudenak kontuan izan ditugu, disko guztietan bezala borroka internazionalista sartu dugu… Oraingoan Saharari buruz hitz egin dugu eta horretarako Saharako familia batekin arratsalde bat pasa genuen eta esperientzia izugarria izan zen.

Diskoa zuek ekoitzi duzue, zergatik?
Ez dugu planteatu ere egin. Egoeragatik izan dela uste dut. Pandemia aurretik diskoa grabatuko genuela argi geneukan. Baina hortik aurrera zer egin? Zalantza genuen. Ez genuen diskoetxe edo zigilu batekin konprometitu nahi. Bakoitzaren egunerokotasuna eta pandemia zela eta, erabaki hori hartu genuen. Gerora, eta pandemiaren oztopoak gainditzeko, Baxerri Produkzioak-eko Ikerrekin abiatu dugu elkarlana zuzenekoak lotzeari begira, merchadising-a eta abar. Aspaldiko lagun eta gaurko bidelagun da.

Pandemiak gogor jo du kultura. Nola ikusten duzue egoera?
Egoera eskaxa da. Oso kolpatua izan da kultura. Horrela nahi izan dutelako, noski. Ikusi izan ditugu jende pilaketak beraien ekonomiari ekarpena egiten dioten guneetan (garraio publikoetan, lantegi handietan, supermerkatuetan eta abar) eta kultur ekintzak egiteko, trabak besterik ez daude. Osasun krisiaren izenean! Diru publikoaren partida bat eskaini dute kulturarako; gauzak gutxi erraztuz, egia esan. Beraien buruak zuritzeko izan da, baina ez da beste ezer izan. Gure kasuan, kontzertu pare bat egin ahal izan ditugu, beste talde gutxi batzuk aukera asko dituzte, baina beste asko eta askok ez dute aukerarik izan; ez baliabiderik ez tokirik, ez jotzeko ez entseguetarako… Eta ondorio atzeraezinak izan ditzakeela uste dugu. Kultura segurua da, eta ea epe laburrean buelta ematerik dugun.

Hemendik aurrera, zer? Nola ikusten duzue etorkizuna?
Espero dugu ahal den heinean kontzertuak ematen jarraitzea. Guk argi dugu, egoera zein baldintza egokienak ez diren arren, oztopo denen gainetik punk rockaz eta borrokaz gozatzen eta gozarazten jarraitu nahi dugu. Boliek aurrera jarrai dezala!