Pilota

Altsasuko Burunda pilotalekuko kantxari tratamendu berezia egin diote

Guaixe 2021ko eka. 10a, 11:00

Horrekin joan den urtean frontoian egindako berrikuntza lanak borobildu direla azaldu du Javier Ollo alkateak. Bestalde, uztailaren 2an Burundak Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako partida hartuko duela ziurtatu du Ollok

Altsasuko Burunda pilotalekuan lan garrantzitsuak egin ziren joan den urtean. Polita geratu zen frontoia, baina pilotarien eta kirolarien iritziz kantxari tratamendua egitea falta zen. Eta berriki egin dira lan horiek, Altsasuko alkate Javier Ollo Martinezek adierazi duenez. “Kantxari tratamendu berezia egin eta gero, frontoia guztiz prest dago” azaldu du alkateak. 

Nafarroako Lau eta Erdia, Altsasun
Halaber, asteburu honetan hasiko den Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako jardunaldi bat Burunda frontoian jokatuko dela gaineratu du alkateak. Zehazki, uztailaren 2an jokatuko dena. Joseba Ezkurdia izango da ordezkari sakandar bakarra aipatu txapelketan. Gainontzeko pilotariak ondokoak izango dira: Danel Elezkano, Iker Salaberri, Aitor Elordi, Peio Etxeberria eta Jokin Altuna, Aspetik; eta Oinatz Bengoetxea, Iraitz Zubizarreta, Unai Laso, Jon Ander Peña, Asier Agirre eta Mikel Urrutikoetxea, Baikotik. Final handia Labriten jokatuko da, uztailaren 7an.