Udalak etxebizitza hutsen gaineko zerga onartu du

Guaixe 2021ko eka. 17a, 10:08

Erkuden kaleko etxebizitzen ikuspegia.

Hutsik dauden ondasunen katastro balioaren araberako zerga pagatu beharko dute jabeek.

Nafarroako Gobernua Etxebizitza Hutsen Erregistroa osatzen hasi da eta sortu ahala udalei hartan jasota dauden ondasunen berri ematen die udalei. Izan ere, udalek informazio horrekin herriko Etxebizitza Hutsen Zentsua sortu behar dute eta legeari segituz, etxebizitza horiei zerga bat kobratu behar diete, ondasunak duen katastroko balioaren araberakoa dena. 

Foru administrazioak Altsasuko Udalari jakinarazi dio hasteko bost etxebizitza huts atzeman dituela  herrian. Hala ere, gehiagoren berri jasoko duela suposatzen du Javier Ollo Martinez alkateak. Legeak dioenari jarraituta, zentsua sortu eta han jasotako ondasunei aplikatu beharreko zerga onartu du udalak. Horren arabera aurten etxe hutsen jabeek haren katastro balioaren %0,25eko tasa pagatu beharko diote udalari. 2022an etxeak hutsik segitzen badu tasa %0,3246koa izanen da. Udalak erabakia hartu eta bi urtera, 2023an, etxebizitza hutsik segitzen badu ordaindu beharreko tasa %1ekoa izanen da. Eta, azkenik, udalak erabakia hartu duenetik hiru urte edo gehiago (2024 eta hurrengoak) hutsik dauden etxebizitzen jabeek katastroko balioaren %1,5eko adinako zerga pagatu beharko dute.