Egitekoak despedituta, berriemaileei esker ona

Guaixe 2021ko eka. 15a, 13:28

Intxostiapunta gazte gunearen eta Gazteria Zerbitzuaren eskaintzen berri ikastetxeetan eta lagunen artean zabaldu dute.

Ikasturtea despeditzear dela, Altsasuko Udaleko Gazteria Zerbitzuak bere berriemaileek egindako lana eskertu du. Zerbitzuaren eta Intxostiapunta gazte gunearen jardueraren berri gazteen artean zabaltzeaz arduratu dira berriemaileak, zortzi gazte. Berriemaile sarea ikastetxe guztietan izan da: Tamara Martis Cerrillo eta Jonathan Laura Pacifico Lanbide Heziketa institutuan, Cristina Matias Tapia eta Aitziber Da Costa Taboada Altsasu institutuan, Christian Juarez Melchor Sagrado Corazon ikastetxean eta Eneko Andueza Martinez de Apellaniz eta Naroa Saturio Lezea Iñigo Aritza ikastolan. Haiek arduratu dira "gazteek informazioa zuzenean" jasotzeaz. 

Ikasturtean zehar egindako lana eta hartutako erantzukizuna eskertzeko ekitaldia hartu zuen gazte guneak hilaren 4an. Javier Ollo Martinez alkateak eta Mari Carmen Goikoetxea Napal gazteria zinegotziak esker hitzekin batera egindako lanaren sari gisa ziurtagiria eta 120 euro eman zizkieten berriemaileei. Blanki Torres gazteria teknikariak jakinarazi duenez, "berriemaileen programa mantentzea aurreikusi dugu, balio handiko esperientzia izan dela uste baitugu, bai pedagogia aldetik, bai Gazteria Zerbitzuaren helburu asko lortzeko ere". Bestetik, teknikariak esker hitzak izan ditu ikasleendako eta ikastetxe guztiendako, "erakutsitako interesagatik eta inplikazioagatik".