Astekaria

Espainiako Txapelketarako prestatzen

Maider Betelu Ganboa 2021ko eka. 24a, 14:00

Bargagain Taekwondo Taldeko Leire Etxaniz, Rania Mabchour, Erkuden Moreno eta Irati Irigoien asteburuan Espainiako Taekwondo Txapelketan lehiatuko dira Nafarroako selekzioarekin. Gerardo Monterorekin ari dira azkeneko prestaketak egiten

Altsasuko Bargagain Taekwondo Taldean kontentu egoteko makina bat arrazoi dituzte. Batetik, Bargagaineko bi talde –emakumezkoen junior mailako taldea eta emakumezkoen kadete mailako taldea– Nafarroako txapeldunak izan direlako. Bestetik, Bargagaingo lau taekwondolarik –Leire Etxaniz Claver, Rania Mabchour, Irati Irigoien Crespo eta Erkuden Jinxin Moreno Muñoz– Nafarroako selekzioarekin ekainaren 26an eta 27an Alacanten jokatuko diren Espainiako Taekwondo Txapelketetan parte hartuko dutelako. Eta, bukatzeko, datorren 2021/2022 denboraldirako Bargagain Taekwondo Taldean izena eman dutenen kopurua nabarmen igo delako. 

Horretaz guztiaz aritu da Bargagain Taekwondo Taldeko entrenatzaile Gerardo Montero Rivera. Aurtengo denboraldia bukatu da, baina Altsasuko Garbitokian dago, Nafarroako selekzioarekin Espainiako Taekwondo Txapelketetan ariko diren Bargagaingo lau ordezkariak entrenatzen ari baita. Haiekin batera Aaron Rodriguez dago, ohiko entrenamendua egiten. “Pandemiagatik denboraldi hau zaila izan da guztiendako. Entrenatzen jarraitu izana eta maila mantendu izana… mentalki ez da batere erraza izan, eta lortu dute” azaldu du, bere taldeaz harro. 

Bargagaingo neskak, Nafarroako txapeldunak
Bargagain Nafarroako emakumeen junior mailako eta kadeteen mailako txapelduna izateko, taekwondolariek banaka egindako lana hartzen da kontuan. “Junior mailan, Erkuden Moreno Nafarroako txapelduna izan zen, Naroa Olmosek zilarra lortu zuen eta Ane Gilek brontzea. Eta kadeteetan Leire Etxanizek eta Rania Mabchourrek urrea lortu zuten eta Aiala Dorronsorok zilarrezkoa. Bakoitzen merituak batuta, puntu gehien lortu zituen taldea izan zen txapelduna. Hortaz, Bargagaineko kadete emakumeak eta Bargagaineko junior emakumeak Nafarroako txapeldunak dira” aipatu du Gerardo Morenok. Halaber, Bargagain emakumekoen haurren mailan 3. sailkatu da, Zoe Lanzek eta Hajar el Alaouik lortutako urreari eta zilarrari esker. 

"Gerardo Montero: Mentalki ez da batere erraza izan maila mantentzea, eta lortu dute"

Espainiako Txapelketarako gogotsu
Ekainaren 26an eta 27an Benidormen jokatuko diren Espainiako Txapelketetan Bargagaingo lau taekwondolari ariko dira Nafarroako selekzioarekin. Kadete mailan Leire Etxaniz eta Rania Mabchour ariko dira. Lehenengoz ariko dira selekzioarekin Espainiako Txapelketa batean. Erkuden Moreno aurretik aritu izan da, baina 21 urtez azpiko mailan ariko da lehenengoz. “Nik uste dut lan ona egingo dutela. Ea eroso aritzen diren. Duela hilabete batzuk Espainiako Kopan aritu ziren eta Leirek zilarra lortu zuen, baina Espainiako Txapelketan parte hartze handiagoa egongo da. Bestalde, Erkuden 21 urtez azpiko kategoriako txikiena da, baina pisu baxuan dagoenez, 46 kiloz azpikoan, ez dut uste oso nagusien kontra aritzea egokituko zaionik” azaldu du irakasleak. Irati Irigoien 21 urtez azpiko kategorian ariko da, 62 kilotan. “21 urtez azpikoan bere bigarren parte hartzea izango da, iaz ez baitzen txapelketa jokatu. Azken txapelketan brontzea lortu zuenez, eta ea, gutxienez, brontzea lortzerik duen…” dio, txantxetan, Monterok. 

Irribarre egiten du Iratik. Entrenamendu saio gogorra egin du bere taldekide Ane Gilekin. Ikusgarria euren borroka saioa. Beste multzo batean Leire, Rania eta Erkuden ari dira entrenatzen, txandaka. Bitartean, Aaron Rodriguez ohiko mugimenduak entseatzen ari da, bere kabuz. Eta, guztiei begira eta argibideak ematen, Gerardo Montero. Hainbat mugimendu zuzendu dizkie, txapelketan izan beharreko jarrera aipatu die eta beste hainbat gomendio. Nabaritzen da harreman ona dutela; giro oso ona dago Garbitokian. Leire, Rania, Erkuden eta Irati Espainiako Txapelketan aritzeko gogotsu daude, hala nabarmendu dute. 

Taekwondoa gora
Aurten 60 neska mutiko trebatu dira Bargagain Taekwondo Taldean. Pandemiak eragin zuzena izan zuen. “Nafarroako Taekwondo Federazioan ia %50eko jaitsiera nabaritu genuen” nabarmendu du Gerardo Monterok. Baina datorren ikasturtean askoz ere kide gehiago izango dira Bargagainen. “Zelandin egon ginen, taekwondoan egiten duguna erakusten, bertako soin hezkuntza irakasleak gonbidatuta, ikasleek gure kirola ezagutzeko. Jende berriak eman du izena, aurreko urtean pandemia zela eta taldea utzi zutenetako batzuk bueltatu dira, eta momentuz 67 neska mutikok eman dute izena taekwondo kirol eskolan. Horiei nagusiak gehitu behar zaizkie, 16 urtetik gorakoak, eta beste. 100 ikasleren bueltan egongo gara” gaineratu du Morenok, kontentu.