Los acordes de la memoria oroitzapenari buruzko film bat bezala deskribatu dute sortzaileek. Duela zenbait urte Raul Madinabeitia musikariak eta filmaren ekoizleak musika eta artea erabili nahi izan zituen dementzia eta alzheimer gaixoak laguntzeko. Medikuen ateak deitu zituen, baina ez zuten argi ikusten. Ideia zen proiektua Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoan garatzea, eta La Caixa fundazioko eta Kutxa fundazioko dirulaguntzari esker, martxan jartzea lortu zuen. Altsasuko klinikan egindako tailer horiek bideoz jaso zituen, baita Gayarre antzokian egindako ikuskizuna ere, eta zortzi parte hartzaileei eta inguruko jendeari egindako elkarrizketetatik Los acordes de la memoria dokumentala sortu dute. Duela zenbait egun Iruñeko Golem zinemetan aurkeztu zuten filma eta datorren ostiralean, ekainaren 25ean, 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean mustuko dute.
Madinabeitiak egindako tailerren helburua nagusia zen musika komunitatearen erabilpena dementzia eta alzheimer gaixoei eta inguruko jendeari "ongizate soziala, emozionala eta kognitiboa" hobetzeko. Arte komunitarioko proiektu oso berritzailea dela azaldu du Madinabeitiak. "Lehenengo aldiz egin da", eta ikerketa luze baten ondorioa izan da. Tailerretan parte hartu duten gaixoak ere ongi pentsatutakoak dira, eta medikuek proposatu zituzten "haiei ongi etortzen zitzaizkielako horrelako terapiak".
Vicente Madoz doktorearen edota Arruazuko Ricardo Insausti bezalako puntako zientzialarien laguntza izan dute. Ikuspuntu berritzailea eman diote alzheimer eta dementziaren ikerketari: "Artea eta musika eta burmuinaren arteko erlazioaz hitz egiten du. Memoria musikala beste memorietatik independentea eta indartsuagoa da", eta ez da hondatzen. "Horregatik tailerrera iritsi zen gizon bat ez zela izenaz ezta nongoa zen gogoratzen, baina Chopinen Sonata pianoan jo zuena".
Tailerrak
Josefina Arregi klinikan musika metodologia aktiboen bidezko tailerrak egin zituen Madinabeitiak eta bere taldeak. Hiru tailer izan ziren: kantu eta koroa, musika inprobisazioa eta mugimendua eta arteterapia eta musika tailerra. Tailerrendako musika instrumentuak zuzenean jotzen zituzten, sortzen duten bibrazioek zerikusi handia dutelako memoriaren aktibatzean. Proiektuaren beste elementuetako bat musika komunitatearen ideia da; musika komunitatearen barruan egiten dela eta ez modu indibidualean: "Horregatik familiak, zaintzaileak eta abar tailerraren barruan sartzen ziren". Beste ideietako bat edozein pertsonak profesionalekin badago musika egin dezakeela da. "Tailerren ondoren izenarekin agurtzen ninduten eta eskerrak ematen zizkidaten. Nik esaten nien beraiei eman behar nizkiela eskerrak, eta esaten zidaten ezetz, gu pertsonak bezala tratatzeagatik, eta ez umeak bezala". Praktika eta terapien bidez memoria lantzen dute, "ez pilulekin". Beste formula batzuk erabili dituzte.
Tailerren ondoren Gayarren ikuskizuna egin zuten. "Esperientzia izugarria izan zen". Ikuskizunaren helburua ez zen "pena" ematea, baizik eta guztiz kontrakoa: "Duintasuna".
Dokumentala
Artearen eta musikaren ahalmenaren berri eman nahi dute Los acordes de la memoria dokumentalarekin. Josefina Arregi klinikan egindako lana erakutsi, eta posiblea dela esan. Ikerketa lanerako grabatutako saioak eta ikuskizunaren ondoren sortu duten ikus-entzunean erabili dute, Fernando Vera zuzendariaren laguntzarekin. Lan izugarria egin duela esan du Madinabeitiak.
Altsasu balorean jarri nahi izan dute filmarekin ere. "Herriko baloreez ari gara, hemengo jende garrantzitsuaren inguruan". Felipe Lezea Arfe enpresako eta Josefina Arregi klinikako sortzailearen figura erakutsi dute dokumentalean ere familiari elkarrizketa eginez. "Altsasugatik dena eman zuen industria gizona izan zen". Eta, aldiz, Altsasura iristea kostatu da. "Oso gogorra izan da. Ez dut ulertzen Altsasuri buruz ari den lan bat izanik erakusteko hain interes gutxi erakustea". Dokumentala Iortian aurkeztu nahi zuten, baina udalaren "isiltasuna" jaso zuten. Gayarren aurkeztutako ikuskizunarekin berdina gertatu zela kritikatu du Madinabeitiak. "Altsasuko baloreak goraipatzen direnean. Herriarekiko errespetu falta iruditzen zait". Azkenean, ostiralean mustuko dute Altsasun, Udalak antolatuta.
Dokumentala irabazi asmorik gabeko proiektu bat izan da eta helburua kulturaren eragina erakustea da eta MECNAren barruan dago. Aurrera ateratzeko crowfounding kanpaina egin zuten ere. "Gizarte eta kultur interes handiko proiektu bat da".