Altsasuarren festa egutegian asteazkena eta osteguna, San Joan bezpera eta eguna, gorriz markatutako egunak dira. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, ospakizun ofizialak bertan behera utzi ditu. Pandemia testuinguruan "neurri zuhurrena eta arduratsuena" delakoan, horrela erabaki du Altsasuko Udaleko Soziokultura Batzordeak, Nafarroako Gobernuaren eta Udalerrien eta Kontzejuen Nafarroako Federazioaren jarraibideak betez.
Egun horietan altsasuarrek kalean meriendak eta afariak egiten dituzte. Altsasuko Udaletik gogorarazi dutenez, "osasun agintari eskudunek ezarritako prebentzio neurriak uneoro kontuan hartuta, erabat debekatuta dagoela hirigunean suak egitea". Horrekin batera, Altsasuko Udalak gogorarazi du Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariaren hilaren 16ko Foru Aginduak suteak prebenitzeko lurzoru urbanizaezinean sua erabiltzea arautzen duela, eta, beraz, "ezingo da surik egin hirigunearen inguru naturalean. Debeku horrek ez du eraginik barbakoak egiteko aukeran, baina ingurua erabat garbi geratu beharko da".
Azkenik, Altsasuko Udaletik azpimarratu dutenez, "bereziki azpimarratzen dut beharrezkoa dela norbanakoaren eta taldearen erantzukizuna".