Alkateak Santos kontseilariaren bisita hartu zuen

Guaixe 2021ko eka. 24a, 19:53

Javier Ollo Martinez eta Eduardo Santos Itoiz. NAFARROAKO GOBERNUA

Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren Justiziako eta Migrazio Politiketako arloan erakundeen arteko lankidetzarako bide posibleak aztertu zituzten bileran.

Javier Ollo Martinez Altsasuko alkatea Eduardo Santos Itoiz Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilariarekin bilera egin zuen ostiralean. Azken hori Nafarroako udal arduradunekin bilera erronda egiten ari da Justizia eta Migrazio Politiketako arloan erakundeen arteko lankidetzarako bide posibleak jorratzeko. 

Santosek Ollori eskerrak eman zizkion “gure ustez funtsezkoa den elkarlan batean erakutsitako prestutasunagatik”. Kontseilariak azpimarratu zuenez, “zerbitzu publikoak hainbat erakunde batu behar ditu, herritarrei arreta onena emateko, eta are gehiago kulturen arteko bizikidetzan edo Justizia batean, hurbiltasuna eta benetako arazoak konpontzea dela uste baitugu”. Santosek gogorarazi zuenez, “Justizia oinarrizko eskubideen defentsarako zerbitzu publiko gisa ikusten da, gehien behar dutenendako eskubideen defentsa horretan azken babesleku gisa”. Horregatik, "herritarrengandik hurbilen dauden erakundeekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa eta funtsezkoa da". Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak, Justizia Ministerioarekin elkarlanean, hurbileko Justizia aldeko apustu irmoa egin du, “edozein pertsonak, bizi den tokian bizi dela ere, justizia eskuratzeko eskubide osoa” bermatzeko.

Altsasu bizikidetzaren diagnostikoa egiten ari da, ildo bereko plan espezifiko baterako lehen pauso gisa. Helburua herriko gizarte-harremanak nolakoak diren hobeto ulertzen laguntzea da, ikuspegi orokor batean pertsona migratzaileen presentzia sartuz; eta, etorkizunean, bizikidetza-plan bat ekarriko du. Kulturen arteko bizikidetza sustatzeko, sentsibilizatzeko eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka borrokatzeko egiten diren jarduera guztietan Nafarroako Gobernuko Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiaren laguntzeko prestutasuna adierazi zion Santosek Ollori.

Gehiago
Bikote Egonkorren Erregistro Bakar berria sortuko da aurki eta erregistro hori arautzeko, Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatuko du Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioarekin. Horren inguruan ere aritu ziren Ollo eta Santos. Gainera, Zigor Betearazpeneko eta Justizia Leheneratzaileko Nafarroako Zerbitzuarekin izapidetuko diren gizartearentzako lan-eskaintzen proposamenak ere aztergai izan zituzten.