Bilboko V. Dantzatu dantza modernoa eta urbanoa lehiaketa jokatu zen ekainaren 19an. Osasun krisialdiagatik online edizioa izan zen, eta bertan Altsasuko Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako zortzi taldek parte hartu zuten. Bik lortu zuten saria: Maitesua taldeak Junior kategorian hirugarren saria irabazi zuen eta estilo libreko Premiun mailan Txindoki taldeak bigarren saria irabazi zuen.
Bigarren urtez Irantzu Gonzalez Dantza Eskolako dantzariek Dantzatu lehiaketan parte hartu dute, baina egoerak behartuta, aurtengo edizioa online izan da. Taldeek Iortia kultur gunean koreografiak grabatu zituzten, eta ondoren lehiaketako antolatzaileek parte hartzaile guztien bideoak bideo plataforma baten bidez emititu zituzten. Ondoren, Aaron Mata eta Cuca Pon dantzariak eta Dantzatuko epaimahai kideek irabazleen izenak eman zituzten sare sozialetatik zuzenean. Kasualitatez, ekainaren 19an, online galaren egunean, dantzako eskolako jaialdien eguna zen.
Guztira, Altsasuko zortzi taldek parte hartu zuten Dantzatu lehiaketan: Maitesua, Sustraiak, Sugarra, Taupadak, Oreka, Txindoki, Oihuarima eta Sutan, adinaren eta dantza estiloaren araberako mailan. "Aurten online formatua egingo zutela jakin genuen, eta parte hartzeko ideia interesgarria iruditu zitzaigun. Gabonetako oporren ondoren prestatzen hasi ginen", azaldu du Igone Augusto Maitesua taldeko koreografoak. Maiatzan aurkeztuko zituzten bideoak grabatu zituzten, "lan handia egin ondoren".
Maitesua taldeko kideak Iradi Betelu, Nora Pozueta, Erika Díaz, Olaia Carabias eta Haizea San Román dira. 13 eta 14 urte dituzte eta Junior kategorian parte hartu zuten. Hirugarren saria rabazi zuten, liriko eta garaikide estiloko dantza batekin. "Nik ez nuen saria espero lehenengo aldia zelako taldeak parte hartzen zuela eta maila oso altua zela banekien". Hirugarren saria irabazi zutela jakitean, "ezin nuen sinistu, hodei batean bezala nengoen, mila sentimenduekin". Ikasleekin oso harro dagoela esan du koreografoak.
Maitesua taldeak Dantzatu lehiaketara aurkeztutako koreografian. UTZITAKOA
Bigarren saria
Txindoki dantza eskolako helduen garaikideko taldeko dantzariek osatzen dute. 17 eta 48 urte bitarteko emakumeek osatzen dute. Premium kategoriako bigarren saria lortu zuten lehiaketan. Irantzu Gonzalez izan da koreografoa. Parte hartzea proposatu zuenean, "gezurra zela pentsatu genuen. Baina beti prest gaudenez, dena ematera joan ginen", esan du taldeko Izaskunek. Oraindik ezin dute egin duten guztia sinistu. "Erokeria bat izan zen, baina asko disfrutatu dugu eta gogotsu parte hartu dugu. Irantzu ondoan izaten oso ongi".
Irakaslea oso garrantzitsua izan da prestatzeko bidean. "Kariño handia eta positibismo handia kutsatzen du. Lortzen du dirudiena baino errazagoa izatea, eta konfiantza handia du gugan. Guri ere konfiantza ematen digu, eta ziurtasun bat ematen digu", azaldu du Estherrek. "Nik beti esaten nuen irabaziko genuela, baina egia esan ez nuen horrenbeste sinisten", aitortu du Sandrak. "Beste taldeen maila ezagutzen genuen, baina ongi pasatzera joan ginen espektatiba handirik gabe". Bigarren saria jaso dute, eta "motibazio" bat dela aitortu dute.
Dantzarekin "zoriontsuak" direla aipatu dute Txindoki taldeko kideek. "Eskolara gogo handiz etorri naiz, eta berdin atera naiz. Oso zoriontsu itzuli naiz etxera". Sentsazio horiek mantendu behar direla esan du Ainhoa, Aguraindik etortzen den dantzariak. "Horregatik egiten dut dantza". Iritzi berekoak dira taldekideak. Sandra: "Egun horretan hamaika arazo badituzu ere… beste mundu bat da. Ahaztu egiten dituzu". Txipa aldatzen laguntzen du dantzak. "Ongi sentiarazten zaitu, libre, eta gauza asko adierazten dituzu. Zu zara", aipatu du Estherrek. Taldekideen artean, gainera, harreman berezia sortu dela esan dute.