Futbola

Altsasu Jubenilen Ohorezko Maila Nazionalera igo da

Guaixe 2021ko eka. 28a, 12:35

Jubenilen lehen mailako Altsasuk igoera fasea irabazi du eta datorren denboraldian Jubenilen Ohorezko Mailan arituko da

Altsasu Kirol Elkarteak denboraldia modu ezin hobean despeditu du. Jubenilen lehen mailan dabilen Altsasu igoera fasean gailendu da eta datorren denboraldian Jubenilen Ohorezko Mailan arituko da, maila nazionalean, meritu handiz. Eta horri lotu behar zaio Gazteen bigarren mailan dabilen Altsasu mailaz igo dela eta datorren denboraldian Jubenilen lehen mailan jokatuko dutela. Beraz, jubenilek ospakizun bikoitza izan dute. 

Jubenilen lehen mailako igoera fasean Altsasuk Oberena taldea izan zuen aurkari. Joaneko partidan, Dantzalekun, 2 eta 0 irabazi zuten altsasuarrek, eta larunbatean Oberenan jokatutako itzuliko partidan, 2 eta 1 galdu zuten, baina emaitza guztiak kontuan hartuta Altsasu izan da garailea eta datorren urtean Jubenilen Ohorezko Mailan lehiatuko da, maila nazionalean.