Gazteek uda gozamenez bizitzeko

Guaixe 2021ko uzt. 8a, 09:03

Oihulari Klowneko hiri dantza irakasleak. UTZITAKOA

Ohiko ur festarik ez da antolatuko. Gazteendako bi emanaldi antolatu dira Altsasun, gaur eta datorren ostegunean: hiri dantza tailerra eta kabaret ikuskizuna. 

Gozamenez programak udarako ur festa goxoak eskaintzen dizkie gazteei. Igerilekuetan izaten dira gazte topaketa horiek eta haien ardatz nagusietakoa kontaktua da. Baina COVID-19 gaitzak eragindako pandemiagatik, aurten ez da ur festa goxorik izanen. Izan ere, gaixotasuna ez zabaltzeko  osasun agintariek emandako segurtasun neurrien artean pertsonen artean distantzia mantentzearena dago. 

Horren ordez Sakanako Gozamenez Batzordeak gazteei zuzendutako bi emanaldi iragarri ditu Altsasun. Aurrena Oihulari Klown taldearen Hiri dantza tailerra izanen da. 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduta dago. Gaur, uztailak 8, osteguna, izanen da, 18:00etan, Intxostiapunta gazte gunean. Gozamenez egitaraua Andoni Mutiloaren Esnatu naiz kabaret ikuskizunarekin osatuko da. 14 urtetik gorakoendako emanaldia heldu den ostegunean, 20:00etan, Iortia kultur gune pareko zabalgunean izanen da. 

Sexualitatea eta gaztedia lantzen dira gozamenez programaren bidez. Gazteei sexualitatea ikuspegi positibo, adeitsu, plural eta aberasgarria ematea du helburu. Sexualitatearen hainbat alderdiri buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatu nahi du gazteen artean, baita gazteen eta haien bitartekarien artean (familia, ikastetxea, komunikabideak...). Gazteen bizitzan sexualitateak duen tokia agerian utzi nahi du, gune publiko eta ohikoetan. Horretarako, esperientzia ludikoak eskaintzen dizkiete gazteei. “Horien bidez ohartarazi nahi diegu gure gorputzak eta zentzumenak plazer iturri eta komunikazio bide direla”, gaztigatu dute batzordekideek.