Altsasu Kirol Elkarteak modu ezin hobean bukatu du 2020/2021 denboraldia. Duela bi asteburu jubenilen bigarren mailako Altsasu futbol taldeak mailaz igotzea lortu zuen, eta datorren denboraldian jubenilen lehen mailan ariko da. Eta asteburu honetan jubenilen lehen mailako Altsasuk historia egin zuen kategoriaz igo delako, eta datorren denboraldian Ohorezko Mailako Jubenilen Maila Nazionalean ariko delako. Horretaz gain, talde nagusia, erregional mailako Altsasu, azken unera arte hirugarren postuan sailkatzeko borrokan egon zen eta itxura oso ona eman zuen. Eta baita gainontzeko kategoriak ere.
Imanol Lobo: "Historikoa izan da guretako, baina batez ere herrirako. Zaleak beti, beti gurekin egon dira eta hori izan da denboraldiko saririk onena"
Historikoa
Gorritxoak une gozoa bizitzen ari dira, eta datorren denboraldirako oso gogotsu daudela nabarmendu du Altsasu Kirol Elkarteko futbol koordinatzaile Imanol Lobo Ieregik. "Denboraldi bukaera ezin hobea izan da hau, zalantzarik gabe. Sekulakoa izan da duela hiru aste Arrotxapean bigarren mailako jubenilak mailaz igotzea, arratsalde horretan bertan, Dantzalekun, lehen mailako jubenilek Oberenaren kontra igoera faseko joaneko partida irabaztea eta hurrengo larunbatean, Oberenan, Maila Nazionalera igotzeko saria lortzea. Ospakizun bikoitza. Jokalariak, entrenatzaileak eta bereziki futbol zaleak eta altsasuarrak zein pozik dauden, igoera fasean nola animatu gaituzten, hori izan da onena" dio Imanol Lobok. Orain arte Altsasuk ez du inoiz Jubenilen Ohorezko Maila Nazionalera igotzea lortu. "Historikoa izan da, baina ez soilik Maila Nazionalera igo garelako, aldi berean bigarren mailako taldea lehen mailara igo delako. Eta guztia denboraldi berean. Historikoa izan da guretako, baina batez ere herrirako. Zaleak beti-beti gurekin egon dira eta hori izan da denboraldiko saririk onena" gaineratu du Lobok, hunkituta.
Jubenilen bigarren mailako Altsasu taldeko entrenatzaileak izan dira Ivan eta Ander Claver. "Bospasei urte daramatzate klubean entrenatzaile lanetan, lan ona egiten" dio futbol koordinatzaileak. Eta jubenilen lehen mailako taldeko entrenatzailea Peio Goikoetxea urdiaindarra izan da, Imanol Lobo bera laguntzaile duela. "Peio Goikoetxea da guztia egin duen pertsona, zintzoki. Ni bigarren entrenatzailea izan naiz. Eta jubenilen mailako bi taldeak laguntzen lan handia egin du Alberto Barrikartek. Entrenamenduetan, partidetan eta bestelakoetan izugarri lagundu nau eta gertatu dena gertatzeko bere lana oso garrantzitsua izan da" nabarmendu du.
Talde erregionalen aldeko apustua
Altsasuko Kirol Elkarteko futbol koordinatzailea eta jubenilen lehen mailako taldeko bigarren entrenatzailea izateaz gain, Imanol Lobo erregional mailako talde nagusiko jokalaria da. Erregional mailan ere Altsasuk ez du denboraldi txarra egin, ligako azken jardunaldian ligako hirugarren postua lortzeko borrokatzen aritu baitzen. "Justu mugan geratu gara, laugarren postuan. Talde gaztea dugu, lan ona egin dugu. Itxura oso ona eman dugu, baina goian egon eta preferentera igotzeko punch hori falta zaigu. Datorren denboraldian igoera lortzeko apustu handia egingo dugu" dio Imanol Lobok. Urte luzeak daramatza Altsasuk erregional mailan, preferente mailara ezin igo. "Aurten genuen igoera fasera sailkatu eta igotzeko oso aukera ona genuen, eta hor geratu gara, justu-justu. Etxetik kanpo ez irabazteak kondenatu gaitu. Baina etorriko da" espero du Imanol Lobok.
Helburu hori lortzeko bidean, horren maila ona eman duten jubenilak talde nagusira igotzeak lagunduko du, baina jubeniletan Maila Nazionalari eta lehen mailari eusteko ere lan handia egin beharko da. Beraz, Imanol Lobok planifikazio lan handia du aurretik. "Agian 10-11 jubenil igo daitezke erregional mailara, eta kadeteetatik ere jubenilak hornituko ditugu. Jubenilen taldeek indartsuak behar dute izan, Maila Nazionalean maila handia baitago; saltoa handia da, talde indartsuak baitaude bertan: Osasuna, Txantrea… Beraz, taldea indartu beharko da. Agian jubenil batzuk puntualki erregionalean aritu ahal izango dira… ikusiko dugu. Horrek planifikazio lan handia eskatzen du, eta lizentziekin eta bestelakoekin oso adi egon beharko dugu. Gauza asko daude aztertzeko eta lotzeko" dio futbol koordinatzaileak.
Berehala datorren denboraldia prestatzen hasiko dela gaineratu du. "Oberenan igoera lortu eta berehala, larunbatean bertan jokalariei esan nien aste bat opor hartuko nuela, eta berehala datorren denboraldiko planifikazioarekin jarriko naizela. Gogotsu gaude, eta ni halako saltsetan gustura ibiltzen naiz. Hortaz, jendearekin hitz egiten hasiko naiz, gure proiektura erakartzen, psikologo lanak egiten, entrenatzaileekin ordutegiak eta beste adosten… pozik egiten den lana da" dio irribarrez. Altsasu futbol taldea zainetan duela ezin du ukatu. "Gure herriko gauza bat da, gure herritarrendako. Aitak urte asko egin zituen juntan, Iokin anaia egun Lagun Artean ari da baina Altsasurekin dago ere, eta ni hemen nabil" dio irribarrez.
Imanol Lobo: "Gizonezkoen erregionalean talde ona dugu, baina igotzeko puncha falta zaigu"
Otsailean hartu zuen kargua
Imanol Lobo otsailaz geroztik da Altsasu taldeko futbol koordinatzailea. Alfonso Castellanok utzitako hutsunea bete zuen erregional mailako futbolariak. "Alfonsok otsailean taldea utzi, eta bere lana egitera animatu nintzen. Altsasu kluba maite dut, kluba barrenean daramat, eta kluba sentitzen dudanez, ardura hori hartzea ez dut zama gisa hartzen. Eta bizi izan dugun guztia ikusgarria izan da. Igoeren saria jaso izana eta zaleekin poztasun hori konpartitzea izan da hoberena. Agian jokalari gisa ez naiz aurreko urteetan bezain ongi ibili, baina hori hobetu beharko dut, datorren denboraldian jokalari eta futbol koordinatzaile izaten jarraituko dudalako" azpimarratu du Lobok.
Pandemiak 2020/2021 denboraldia guztiz baldintzatu du. Altsasu Kirol Elkartean 200 futbolari baino gehiago trebatzen dira, eta eskatutako osasun protokoloak betetzea eta guztia antolatzea zoramena izan da. "Lehenengo zatian Alfonso zegoen futbol koordinatzaile eta berak zehaztu zituen entrenamenduak eta ordutegiak. Otsailetik aurrera hasi ziren txapelketak, eta niri egokitu zitzaidan Nafarroako Federazioari informazio guztia pasatzea, lizentziak lotzea, taldeak eta partidak antolatzea, osasun protokoloak egokitzea… Nahiko gogorra izan zen, hasieran batez ere, burokrazia handia egin behar baitzen: protokoloa, gela, tenperatura hartu, ikusleen guneak zehaztu…" kontatu du Imanolek, eta urte zaila izan dela berretsi du. "Hasieran futbolariek beti galdetzen zuten: Baina noiz hasi behar gara? Noiz jokatu behar dugu? Federaziotik esan zigutenean otsailetik aurrera txapelketak hasiko zirela, lanean jarri ginen, oso argi baikenuen denboraldia nola edo ahala aurrera atera behar genuela. Futbolean disfrutatzen dugu, eta ez dugu ahaztu behar pandemian futbola arnasgune bat izan zela, etxetik atera, kirola egin eta jendearekin biltzeko arnasgune garrantzitsua" dio Imanolek.
Imanol Lobo: "Soilik pena bat dut, aurten emakumezkoen Altsasu erregional taldea aritu ez izana. Hori da datorren denboraldiko helburuetako bat, talde hori berpiztea"
Harrobia
Altsasuk maila guztietan ditu taldeak. Guztira 15 talde dira. Gizonezkoetan aurrebenjaminak, benjaminak, kimuak, haurren mailako bi taldeak –batek lehen mailan jokatzen du eta bigarren mailan besteak–, kadeteen mailako bi taldeak –batak bigarren mailan jokatzen du eta besteak Kadete Kopan–, jubenilen mailako bi taldeak eta talde nagusia edo erregional mailakoa. Eta emakumezkoetan Futbol 8 taldea. "Kadete Kopa lehiaketa oso zaila da, talde garrantzitsuenak daudelako: Osasuna, Txantrea, Pamplona… talde horiek jokalari asko dituzte, eta guk dugu duguna. Hala ere, ongi ibili dira kadeteak eta jubenilak zer esanik ez. Emakumezkoei dagokienez, Futbol 8ko taldeak denboraldi oso ona egin du. Ligaxkan bigarrenak izan dira, eta Kopan ongi ibili dira. Harrobi oso ona dugu. Soilik pena bat dut, aurten emakumezkoen Altsasu erregional taldea aritu ez izana. Hori da datorren denboraldiko helburuetako bat, talde hori berpiztea" dio Lobok. Baikor da, Futbol 8 taldetik erregionalera lauzpabost jokalari igoko direlako, eta duela bi denboraldiko Altsasuko emakumezkoen erregional mailako 10-11 jokalarirekin hitz egin dutelako. Egingarria ikusten du. "Asmoa da taldea berpiztea eta lanean hastea. Behintzat, emakume futbolariei aukera bat ematea eta jokalariak familia honetara etortzea" dio.
Hobetzeko aukerak
Denboraldiaren balorazio ona egin du Lobok, baina hobetu daitekeela argi du. "Ni oso auto exigentea naiz, asko eskatzen diot nire buruari. Horregatik, alde batetik esango nuke denboraldia oso ondo egon dela, baina, bestetik, asko hobetu beharra dugula. Esaterako, jubeniletan igo gara, baina datorren denboraldian mantendu behar gara, eta hori lan oso gogorra da. Eta erregionalean, emakumezkoetan taldea berpiztu beharra dugu, eta gizonezkoetan taldea indartu beharra dugu" oso argi du Lobok.
Gizonezkoen erregional mailako taldea gaztea da, giro bikaina dute eta giro hori zelaira eramaten jakin dute. "Bai, naturaltasun hori. Lagunak gara, biltzen gara, enpatia dugu, oso ongi funtzionatzen dugu... baina igoera lortzeko punch bat gehiago behar dugu. Eta hori da datorren denboraldirako helburu nagusia" berretsi du Lobok. Taldea ongi egoteaz gain, alde psikologikoa eta animoak alde izatea zein garrantzitsua den gaineratu du. "Hori maila guztietan argi ikusten da. Eta ez dira soilik jokalariak ongi egon behar direnak; entrenatzaileak eta junta ere bai, eta zaleak zer esanik ez. Zaleek atzetik bulkatu behar dute. Helburu bat lortzeko gauza asko behar dira".
Gizonen erregionala indartzea eta emakumeen erregionala piztea dira helburu nagusiak
Eta horretarako datorren denboraldia prestatzen hasiko da berehala Altsasu Kirol Elkartea. Oso animatuta daude. "Pandemiaren urtean denboraldia horren emaitza onekin bukatzea sekulakoa izan da, horrenbeste lan egin duten guztiendako sari ederra. Horrek asko animatzen du. Baina politena izan da berriro ere zaleekin eta jendearekin konektatzea, berriro ere Dantzalekun zaletu pila bat biltzea taldea bulkatzen. Izugarri animatu gaituzte, eta oso berezia izan da. Nork pentsatu behar zuen saririk onena COVID-19ak ekarriko zuenik? Oso aurrera pauso handia izan da. Ea zer ekartzen duen denboraldi berriak, bihotz gorri hori gehiago indartzea espero dugu" opa du Imanol Lobok.
Altsasu Kirol Elkarteko Junta
Altsasu Kirol Elkarteko presidentea Jesus Sayas da, idazkaria Jose Antonio Augusto eta diruzaina Maria Eugenia Rosa. Bokalak Claudia Cristina Vales, Rosa Melchor, Aitor Garcia eta Felix Mazkiaran, azken hori txirrindularitza arduraduna.
Altsasu. Erregional maila 2020/2021
Atezainak: Adur Kanpo, Miguel Gómez eta Lucas Fernández.
Atzelariak: Gorka Martínez; Paulette Vergara, Haritz Goikoetxea, Aitor López eta Jon Lanz.
Erdilariak: Jon Insausti, Jon Mendia, Aitor Flores, Imanol Lobo, Juan Bautista, Esteban Letona, Raúl Claver, Javier Guisado, Mikel Arellano eta Beñat Mendez.
Aurrelariak: Eneko Vera, Javier Morras, Tasio Merchan, Urko Gartzia, Aitor Lara eta Eneko Garasa.
Entrenatzailea: Jose Luis Gomez Perez.
Altsasu. Jubenilen lehen maila 2020/2021
Atezainak: Ailetz Nuñez, Angel Bergara eta Euken Martinez.
Jokalariak: Patxi Arakama, Aimar Agirre, Eneko Galarza, Unai Rodríguez, Javier Díaz, Alain Dávila, Julen Flores, Julen Barreiro, Luken Landa, Unai Santano, Daniel Argüelles, Jose Luis Martin, Unai Irigoien, Jon Plisonneau, Jon Perez, Jon Lopez, Unai Calvo, Alex Santano eta Jeiro Maldonado.
Entrenatzaileak: Peio Goikoetxea eta Imanol Lobo.
Altsasu. Jubenilen bigarren maila 2020/2021
Atezainak: Patxi Bergera, Gorka Gasco eta Iker Lizarraga.
Jokalariak: Luken Goikoetxea, Jon Cano, Asier Claver, Jon Navarro, Aritz Sevilla, Asier San Roman, Iraitz Moran, Lander Peral, Denis Ordoñez, Aingeru Goikoetxea, Enaitz Larrion, Txomin Rubio, Gaizka Martin, Igor Barriola, Hegoi Lakuntza, Aratz Imaz, Gorka Rubio, Saif Eddine eta Mikel Rodriguez.
Entrenatzaileak: Ivan Claver eta Ander Claver.