Josek, ahizpa gazteenak, estetika zentroarekin jarraituko du bertan.
1. Zergatik ile apaintzaileak?
Feli: Ni hasi nintzen duela urte asko; ia ez naiz oroitzen ere. 16 urterekin hasi nintzen. Gustatzen zitzaidan. Garai horretan ez zegoen ia ile apaindegirik, baina nik gustokoa nuen.
Mari Carmen: Berari gustatzen zitzaion eta amak konbentzitu ninduen.
2. Gauza bat da gustatzea eta beste bat horretaz lan egitea.
F.: 16 urterekin beste ile apaindegi batean lan egiten hasi nintzen. Aurretik, oso gazte akademia batean ikasten egon nintzen hiru urtez. 19 urterekin gurasoek bajera hau erosi ziguten eta hemen egon gara 46 urtez.
MC.: Ni Bartzelonara joan nintzen akademia batera eta bertan ikasi nuen. Itzuli nintzenean dena muntatuta zegoen. Urte asko dira. 17 urte nituen ireki genuenean. Gu 46 urte egon gara eta Josek, hemen gelditzen denak, 38 urte daramatza.
3. Zer nolako bezeroak izan dituzue?
F.: Ile apaindegi mistoa zen. Jende gaztea etortzen hasi zen, eta gurekin hezi dira. Helduak egin zaizkigu. Jende gaztea etortzen zen ere. Denetarik izan dugu.
4. Jendeari ilea aldatzea gustatzen zaio?
MC.: Aldatu behar zaie. Mozketa ikastaroak egin ditudanean, ondoren, animatu egin behar genituen. Ikusten dutenean gustatzen zaie. Azkenean, horregatik izan dugu beti lana. Ezin ginen betikoa egiten gelditu. Etengabe ikasten joan gara, gauza desberdinak ikasten. Badirudi adin batera iritsita ezingo dugula gehiago ikasi, baina, bai, beti ikasten da zerbait. Ikastaroak egiten asko ikasten duzu, baita gurekin lanean egon den jende gaztearekin ere. Gauza berriak ekarri dituzte. Oso eskertuta gaude gurekin lan egin dutenekin. Ilean egiten den lana oso garrantzitsua da. Ikusten den lan bat da.
5. Eta aldatzen dutenean, zergatik izan ohi da?
MC.: Lehenengo aldaketan beti animatu behar zaie. Gehien bat adineko jendeari animatu behar zaio. Gazteei ez hainbeste animatuagoak direlako. Baina helduagoei animatu behar diezu aldaketa egiteko. Aurrekora itzultzeko aukera zegoela esan behar zenien, bestela. Baina aldatu behar da, garrantzitsua da ile apainketan aldatu nahi izate hori.
6. Eta mozketetan jendeak arriskatzen du?
F.: Denetarik egon da. Badago jendea bizitza osoan berdin joan dela, eta gero beste batzuk batbatean guztiz aldatu direnak; gehiago arriskatzen dutenak. Azkenean, ilea hazten da. Beste edozein gauza izango balitz… baina ilea berriz haziko da.
7. Ez zenuten bakarrik ilea mozten, ezta?
F.: Tinteak, ile bilduak, permanenteak… hainbeste urtetan denetarik egin dugu.
MC.: Gainera, Jose estetizista da ta hemendik zerbitzu osoarekin ateratzen ziren: burutik oinetara. Ile apainketa, makillajea, atzazkalak… dena egina. Elkarrekin lan egiten genuen.
8. Eta zergatik estetizista?
MC.: Josek estetika ikastea erabaki zuen, eta ile apaindegian tokia zegoenez, zentroa hemen jartzea erabaki genuen.
9. Ile apaindegira etortzea ohitura bat zen?
F.: Batzuentzako, bai. Batzuk astero etortzen ziren. Behar bat zen. Denetarik izan gara: gurasoak, psikologoak, medikuak… Jendeak denetarik kontatzen zigun.
Jose: Terapia bat bezala ere.
MC.: Orain itxi dugula jendeak esan digu etxean bezala sentitzen zirela. Urteak daramatzate etortzen eta pozik etortzen ziren. Guretako oso atsegingarria da. Aitorlekuak kendu zituztenetik apaizak bezala izan gara gu.
10. Konfiantza hori erakusteko ere balio behar duzu.
F.: Apaizak bezala zerbait kontatzen zigutenean niretako betirako gordeko dut. Hori oso ona da. Dena gordetzen genuen guretako.
MC.: Urte askotako konfiantza da. Horregatik oso ongi funtzionatu du ere. Ez da izan ile apaindegi bat non zuk ospa egiten zenuenean zuri buruz hitz egiten zen; oso erreserbatuak gara. Orain liburu bat idatziko dugu. Txantxa da, baina bitxikeria asko ditugu. Barre egitekoak, negar egitekoak…
11. Orain guraizeak ikusten dituzuenean, zer?
F.: Mozten jarraituko dugu: ama dugu, senarra, bilobak…