Imanol Ramirez

"Espainiako Txapelketan aritzea sekulako esperientzia izan da"

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 14a, 13:30

Nafarroako selekzioarekin Espainiako Minibasket Txapelketan aritu den sakandar bakarra da Imanol Ramirez 12 urteko altsasuar gaztea. Finalerdietan erori ziren eta egindako lanarekin oso pozik daude.

Imanol Ramirez Santano altsasuarrak 12 urte ditu, eta 7 urterekin hasi zen Altsasuko CBASK taldean. Agerikoa da saskibaloia oso gustuko duela eta saskibaloia bizi duela. Nafarroako selekzioarekin Espainiako Minibasket Txapelketan aritu berri da. Sekulako esperientzia izan omen da, eta egindakoarekin pozik dago. 

Minibasket mailan jokatzen duzu, CBASK taldean. Zer moduzko denboraldia izan da hau?
Pandemia dela eta, urte berezia izan da. Hasieran soilik entrenamenduetara joan ahal ginen, baina martxoan txapelketa hasi zen, ligako partidak, eta ongi aritu gara. Ligako 14 taldeetatik 6. sailkatu gara. Nik base postuan jokatzen dut, hau da, joko antolatzaile postuan. Base eskolta naiz. 

CBASK-en jokatzeaz gain, Nafarroako selekzioarekin Espainiako Minibasket Txapelketa jokatu berri duzu. Nolakoa da selekzioan hautatua izateko prozesua?
Beste kirol batzuetan federazioak taldeetako jokalariak konbokatzen ditu eta horrela osatzen du selekzioa, baina Nafarroako Saskibaloi Federazioan ez da horrela. Federazioak saskibaloi klubei eskatzen die euren jokalari onenak edo nabarmentzen direnak entrenamendu berezi batzuetara bidaltzea. Entrenamendu horiek asteburuetan izaten dira, larunbat arratsaldetan eta igande goizetan, eta saioak egin ahala, jokalariak baztertzen doaz selekzioko 12 jokalariak eta 3 erreserbak aukeratu arte. CBASK-ek aurkeztuta, entrenamenduetan duela bi urte hasi nintzen. Izan ere, kategoria bakoitza bi kinta edo bi urteko jokalariek osatzen dute. Adibidez, ni duela bi urte minibasket mailako 1. urteko jokalaria nintzen, eta aurten 2. urtekoa. Aurten Espainiako Minibasket Txapelketan 2008 eta 2009 urteetan jaiotakoek parte hartu dute eta aurreko urtean 2008koek eta 2007koek. Jakina, lehen urtean zailagoa da zu selekziorako hautatua izatea, urte bat gehiagokoak hobe aritzen direlako, eta ni ez ninduten aukeratu. Aurten 2. urtekoa nintzenez, maila hobea nuen eta selekziorako hautatu ninduten. 

Eta entrenamendu berezi horiek saio askotakoak izaten dira?
Bai. Agian hilabetean bitan, larunbat arratsaldeetan eta igande goizetan. Prozesu luzea izaten da. Aurten lehen entrenamendu jardunaldian 40 jokalari hasi ginen, eta entrenamendu saioa bukatzean aurrera egin dutenen zerrenda ematen du federazioak. Aurten  liga martxoan hasi zenez, orduan hasi ziren ere selekzioko entrenamendu espezifikoak. Aurrera egin nuen, eta azkenean selekzioko 12 partaideen artean aukeratu ninduten. Iaz, aldiz, 23. eta 20. postuen artean sailkatu nintzen eta ez nuen Espainiako Txapelketa jokatu. 

Sakanatik jokalari bakarra izan zara?
Nire kategorian aurten bai. Duela urte bat Joyk ere probetan parte hartu zuen, baina ez zuten azken selekziorako hautatu. Ni ere ez. Nik baino urte bat gehiago du. Maila nagusiagoetan beste bi sakandar aritzen dira, Atikilt eta Ane. Egia esan, entrenamendu horietan aritzen diren gehienak iruindarrak dira, Ardoi, Liceo Monjardin, Aranguren Mutilbasket, San Cernin, San Ignacio... eta halako taldeetakoak. Entrenamenduak Larrabiden egiten dira, eta nahiko gogorrak izaten dira, klubean egiten ditugunak baino gogorragoak. Larunbat goizetan ligako ohiko partida CBASK-ekin, eta arratsaldean eta igande goizean entrenamendu espezifiko hauek. Ez naiz aspertzen, saskia izugarri gustuko dudalako. 

Batzuk aurrera egin eta besteak bidean geratzea ez al da gogorra?
Bueno… Nik sistema hau gustuko dut. Gogoz joaten naiz entrenamenduetara, lana ongi egiteko gogotsu. 

Aurreko astean jokatu zenuen Espainiako Minibasket Txapelketa, San Fernandon (Cadiz). COVID-19 dela eta, neurri berezirik hartu behar izan al zenuten?
Aste batean 3 PCR eta antigeno testa egin behar izan genituen, probak jokatu baino aste bat lehenago, Iruñean autobusa hartu baino lehenago, eta Cadizera heldu bezain pronto. Talde guztiok egin genituen probak, eta guztiok negatibo eman genuen. Finalera gure senitartekoak joan ziren, baina gu ezin ginen beraiekin egon, pandemiagatik soilik taldekideekin egon ginen. Familiakoak partida bukaeran pabilioian ikusten genituen, distantziak hartuta. Agurtu eta gutxi gehiago. 

Zer moduz joan zen Espainiako Minibasket Txapelketa?
Ongi. Bi maila daude, 1. maila, talde nagusienena –Katalunia, Madrid, Valentzia…– eta 2. maila, gurea. Hasieran lau partida jokatu genituen. Lehena Murciaren kontrako joanekoa izan zen. Partida oso berdindua izan zen, bukaerara arte. Azken laurdenean aurrera egin eta 69 eta 54 irabazi genuen. Bigarren partida erraza egin zitzaigun: 79 eta 55 irabazi genion Gaztela Mantxari. Hirugarrena Murtziaren kontrako bueltako partida zen; lehen laurden ona egin genuen, baina gero ez ginen fin ibili; beraiek dena sartzen zuten eta guk ez. 52 eta 88 irabazi ziguten, errebantxa ederra. Eta laugarren partidan atzera ere Gaztela Mantxaren kontra aritu ginen. Partida oso borrokatua izan zen, estu-estua, eta 62 eta 60 irabazita finalerdietara sailkatzea lortu genuen. 

Finalerdietan nafarrek nor izan zenuten arerio?
Kantabria, talde oso ona. Hasieratik 5 eta 10 tantoren tarteko aldea hartu ziguten. Gerturatzen saiatzen ginen, baina ez genuen lortzen. Azken laurdena 4 punturengatik galduz hasi ginen, baina une horretan euren jokalari onenak atera zituzten, guk faltengatik jokalari bat galdu genuen eta azkenean 59 eta 74 hartu gintuzten mendean. Finalerdietan erortzeak pena eman zigun, baina gau horretan afari goxoa jarri ziguten, ordura arte elikagaia asko zaintzen baitziguten, eta gaitz erdi (kar, kar). 

Espainiako Txapelketa batean finalerdietara iristea ez da gutxi.
Bai, eta espero baino hobeto aritu ginen; esan zigutenez, Nafarroako selekzioa ez zen aspalditik horren goian sailkatu. Kantabriak irabazi zuen Espainiako Minibasketeko 2. maila; beraz, txapeldunaren kontra erori ginen, eta gu 3. sailkatu ginen. Lehen bi taldeak 1. mailara igo ziren, eta gu igotzear geratu gara. Beraz, kontentu gaude egindako lanarekin. Sekulako esperientzia izan da, lagun asko egin ditut eta oso kontentu nago. Eta garrantzitsuena da jokatzeko aukera izan dugula. Pandemiarekin ia urte bat egon ginen jokatu gabe, eta denboraldia gogoz hartu dut. 

Datorren denboraldirako zer espero duzu?
Adinagatik mailaz igo naiz, eta haurren aurretiko mailan jokatuko dut. Uste dut txapelketak urrian hasiko direla, eta aldi berean hasiko dira Nafarroako selekziorako entrenamendu hautaketa probak. Pentsatzen dut, atzera ere aurkeztuko nautela, eta kategoria berrian nire lehen urtea izango denez, zaila izango dudala selekziorako 12 hautatuen artean sailkatzea. Baina ni gogotsu nago, eta saiatuko naiz. Ilbeltzean jokatuko da Haurren mailako Espainiako Txapelketa, Huelvan. Aurten ezin bada, ea datorren ikasturtean ahal den.