Udalak milioi bat euroko inbertsioak eginen ditu

Guaixe 2021ko uzt. 14a, 10:06

Akordeoilariak kalejiran Altzania kaletik San Joan kalera joanez. ARTXIBOA

Diruzaintzako gerakinarekin finantzatuko dira lan horiek. Horien artean daude hainbat kaletan LED argiak jartzea, Ibarreako saneamendu sareko lanen hirugarren fasea edota Gure Etxea eraikineko berogailu sistema berria. Udalak joan den urteko kontuak 1,3 milioi euroko superabitarekin itxi zituen.

Aurreko urteetan bezala, aurten ere, Altsasuko Udalak diruzaintzako gerakineko diru zati bat inbertsioak egitera bideratuko du. Aurrekontu Egonkortasunari buruzko Lege Organikoan jasotako zerga-arauak 2021. eta 2022. urteetan etetea onartu zuten diputatuek eta horrek udalei gordeta duten dirua erabiltzeko “askatasun handiagoa” ematen die. Aurten Altsasuko Udalak 1.063.299,61 euroko balioa duten inbertsioak egitea aurreikusi du. 

Aurrekontu horren %46,07 (489.953,94 euro) inbertsio bakarrera bideratuta dago: argiteria publikoa berritzeko bigarren fasea. Javier Ollo Martinez alkateak azaldu duenez, kaleetako faroletako bonbillen ordez LED argiak jarriko dituzte; eta, ondorioz, argindar faktura merkatuko du udalak. LEDak Bakea kalearen zati batean, Zelai, San Juan, Altzania, San Pedro, Erkuden, Kale Txiki, Intxaurrondo, Burunda, Intxostia zeharbidea, Egubera eta Baratzako Bide eta Iortia plazetan jarriko dira. Inbertsioak Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako Ministerioaren %50eko dirulaguntza du. 

Aurreikusitako beste lan handia Ibarrea industrialdeko saneamendu sarea egiteko lanen hirugarren fasea da. Horretarako, udalak 215.485,72 euro bideratu ditu (%20,26). Atzera kargatzaile bat erosteko 100.000 euro ditu udalak (%9,4). Bestetik, Gure Etxea eta Garbitoki eraikinetako berogailu sistema berrituko ditu Altsasuko Udalak 85.000 eurorekin (%7,99). Udan zehar Zelandi ikastetxe publikoko beheko lehen solairua pintatuko du Erki Construcción sostenible enpresak, eta horren truke 41.859,95 euro (BEZ barne) jasoko ditu (%3,93). Garbitoki eraikineko igogailua berritu behar da, eta, horretarako, 35.000 euro aurreikusi dira (%3,29). 

Kaleetan konponketak egiteko 30.000 euro aurreikusi ditu udalak (%2,82). Kopuru bera bideratuko du lorategi lanetarako makineria erosteko. Beste 30.000 eurorekin Dantzalekuko kirol-guneko sarbidea kontrolatzeko sistema bat eta tornu-sistema bat jarri dira. Azkenik, jubilatu elkarteko patioan estalki bat jartzeko 6.000 euro bideratu ditu Altsasuko Udalak (%0,54). 

Superabita 
Altsasuko Udalak 1.332.136,32 euroko superabitarekin eta gastu orokorretarako 3.603.803,99 euroko diruzaintzako gerakinarekin itxi zituen 2020ko kontuak. Horren harira, alkateak gogorarazi du joan den urtean diruzaintzako gerakina baliatu zela 26 aurrekontu-aldaketa egin eta beste horrenbeste inbertsio egiteko. Haien kostua 495.862,73 euroko izan zen. Ondorioz, Ollok azaldu duenez, “2020. urteko behin betiko aurrekontua 16.973.648,55 eurokoa izan zen”.

Alkateak nabarmendu duenez, nahiz eta joan den urtean inbertsio ugari egin, eta pandemia sortu, “udalaren egoera ekonomiko onbideratuak Altsasu hobetzen segitzen utziko digu”. Eta udaleko Ogasun Arloak duen egitekoa azpimarratu du Ollok. COVID-19 gaitzak sortutako krisiari aurre egiteko, joan den urtean Altsasuko Udalak 134.000 euro bideratu zituen. Batetik, udal eraikinetako garbitzaileen eta Aita Barandiaran egoitzako langileen plantillak indartzeko. Gauza bera egin du aurten. Bestalde, norbera babesteko ekipamenduak erosteko 20.000 euroko partida du udalak.

Aurrekontu emendakinak 
Bilkura berean, Altsasuko Udalak bi aurrekontu aldaketa onartu zituen. Bata, 1.800 eurokoa da eta zahartze aktiboa sustatzeko bideratuko dira. Josefina Arregi klinika psikogeriatrikoak udalari egindako proposamena da eta bi erakundeek elkarrekin garatuko dute. Nafarroako Gobernuak ekimena sustatzeko 900 euroko dirulaguntza eman du. Bestetik, DYArekin duen hitzarmena mantentzea erabaki zuen udalak. Hori bai, pandemiagatik ospakizun ofizialik egonen ez denez, DYAren egitekoak aldatuko dira. Aurten pandemiaren kontrako txertaketa den bakoitzean osasun laguntza eman beharko dute DYAko boluntarioek. Udalak zerbitzuagatik, gehienez, 3.500 euro pagatuko ditu. 

Aldaketa Tokiko Gobernu Batzordean 
Altsasuko Tokiko Gobernu Batzordeak lau hautetsiz osatuta dago eta alkatea du lehendakari. Geroa Baiko hiru kide daude, Ollorekin batera Manuel Berjera Ijurko eta Idoia Ibañez de Opakua Amillano daude. EH Bilduk ordezkari bat du. Orain arte Maixa Lopez de Uralde Muñoz izan da koalizioko ordezkaria, eta haren lekukoa Javier Paz Miñok hartu du. Beraz, hirugarren alkateorde ere bada.