Errepresioaren kontrako Ospa! Mugimenduak jakinarazi duenez, agorrileko azken larunbatean izanen da Ospa Eguna. Antolatzaileek azaldu dutenez, “azkeneko urtean kontrol soziala eta polizien kaleko presentzia ikaragarri handitu da”. Horregatik, Ospa Eguneko 10. edizioko kartelak George Orwelek 1949an argitaratutako 1984 liburuari egiten dio keinu.
Ospako kideek azaldu dutenez, "nobelak fikziozko gizarte kontrolatu baten inguruan dihardu. Aspaldiko fikzioa bada ere, gaur egungo kontrol sozialaren areagotzea, isunak, manipulazio ereduak... gure azalean jasaten ditugun errealitatearen isla dira nobelako gertakizunak". Mugimendutik gaztigatu dutenez, “guztioi dagokigu errepresioaren aurpegi guztiak salatu eta borrokatzea, gizarte kontrolatu baten parte ez bilakatzeko”.