Txirrindularitza

Quesos Albeniz, jaun eta jabe Zumarragan Juniorretan

Guaixe 2021ko uzt. 13a, 11:00

Mikel Unzilla Zumarragako Hiria Sarian.

Burunda klubeko Sergio Lopezek irabazi zuen Zumarragako Hiria Sari Nagusia, bere taldekide Mikel Unzillaren aurretik. Lopezek mendiko txapelketa irabazi zuen eta talde onena Quesos Albeniz izan zen

Igandean juniorren mailako 10. Zumarragako Hiria Sari Nagusia jokatu zen, 105,6 kilometroko lasterketa gogorra. Etapa gorabeheratsuan, Quesos Albeniz-Burunda taldea izan zen nagusi. Talde sakandarreko Sergio Lopezek erasoa jo eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (2:43:09), eta bere taldekide Mikel Unzilla etxarriarra bigarrena sartu zen, 36 segundora. Haien taldekide Ander Villalobos 15. sailkatu zen, 3:42ra. 

Etapa irabazteaz gain, Sergio Lopezek mendiko sailkapena irabazi zuen, eta Quesos Albenizek etapako talderik onenaren saria jaso zuen. 

Arantzazuko Igoerako Top-Tenean, hiru gure
Bezperan, larunbatean, 51. Arantzazu Igoera jokatu zen Oñatin (69,6 km), proba gogor bezain gorabeheratsua. Etengabeko erasoen ondoren, Donosti Berri taldeko Iñaki Errazkin gailendu zen, helmugara bakarrik helduta (1:42:16). Quesos Albenizko Mikel Unzilla 4. sartu zen, 1:08ra, eta bere taldekide Hugo Aznar 8., 1:39ra. Sakana Group-Aralar taldeko Unai Garro 9. izan zen, 2:05era. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Sergio Lopez (Quesos Albeniz) 12. sailkatu zen, Aimar Tadeo (Sakana Group) 15., Jon Erdozia 21., Aitor Ondarra (Sakana Group) 46., Xabier Borrega (Quesos Albeniz) 60., Ander Villalobos (Quesos Albeniz) 64. eta Jon Koldobika Urrusolo (Sakana Group) 66.