Mendi lasterketak

Altsasuko I. Bargagaingo Igoerarako izena ematea zabalik

Guaixe 2021ko uzt. 27a, 12:00
Jabi Gasanz eta Jokin Bereziartu, joan den urtean Bargagain 12 aldiz jarraian igo zutenean.

Irailaren 4an jokatuko da, goizeko 10:00etan. Altsasuko Foru plazatik abiatuta, Bargagain gurutzera igotzea da erronka (4,2 km)

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak, hainbat babesleren laguntzarekin, mendi igoera berezia antolatu du irailaren 4rako: Altsasuko Lehenengo Bargagaingo Igoera- Hotel Izelai Sari Nagusia. Altsasuarrendako oso berezia da Bargagain, eta bertako gurutzera igoera antolatzea polita iruditu zaio Dantzaleku Sakana taldeari. Gogoratu behar da ere, joan den urtean Jabi Gasanzek eta Jokin Bereziartuk 21 ordu eta erdi pasako denbora tartean hamabi aldiz igo eta jaitsi zutela Bargagain, eta ekimenak interes berezia piztu zuela. Eta kontuan hartu beharra dago ere, aurten 30 gazte baino gehiago trebatu direla Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatutako 16 urtetik gorako atletismo eta mendi lasterketa entrenamenduetan, Fermin Azkargorta monitorearen eta haien laguntzaile Javi Gasanz, Jokin Bereziartu eta Joseba Galarzaren esanetara. Guztia kontuan hartuta, eta mendi lasterketek duten arrakasta ikusita, Altsasuko Lehenengo Bargagaingo Igoera antolatu du Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak. 

Altsasuko Foru Plazatik abiatuta (528 metroko altuera), Bargagaingo gurutzeraino (1.153 metroko altuera) igotzea izango da helburua (4,2 km). Proba irailaren 4an, goizeko 10:00etan abiatuko da, eta banakako eta taldekako lasterketa izango da. 

www.herrikrosa.eus
Izena ematea zabalik dago www.herrikrosa.eus webgunean (10 euro).