Erremontea

Nafarroako Erremonte Torneoa asteburuan Sakanan

Guaixe 2021ko uzt. 23a, 11:00

Larunbatean eta igandean XVI. Nafarroako Foru Komunitatea Erremonte Torneoa-Magna Sari Nagusiko final laurdeneko triangeluarra eskainiko dute Zeberio II.a-Ionek, Ezkurra II.a-Barricartek eta Aldabe-Saldiasek. Sarreretako dirua Josefina Arregi Klinikara bideratuko da

Altsasuko Burunda pilotalekuak XVI. Nafarroako Foru Komuniatea Erremonte Torneoa-Magna Sari Nagusia Torneoko final laurdenetako kanporaketa hartuko du. Hiru bikote ariko dira lehian: Zeberio II.a-Ion, Ezkurra II.a-Barricart eta Aldabe-Saldias. 

Larunbatean, uztailak 24, 19:30etik aurrera, hiru bikoteak hiruren kontra ariko dira, 20 tantotara jokatuko diren hiru partida jarraituetan, triangeluarrean. Eta, uztailaren 25ean, igandean, 19:00etatik aurrera, bezperako triangeluarrean lehen eta bigarren postuetan sailkatutako bikoteek final laurdena jokatuko dute, 35 tantotara. Aurretik, jaialdia zabaltzeko, binakako partida bat jokatuko da. 

Josefina Arregi Klinikaren alde
Altsasun jokatuko den Nafarroako Erremonte Torneoko final laurdenetako kanporaketan eskatutako osasun neurriak beteko dira. Jaialdia Euskal Jai Remonte Fundazioak antolatu du, hainbat babesleren laguntzarekin, Altsasuko Udala eta Pilotajauku Altsasu pilota kluba tartean. Erremontea sustatzeko ekimena da, eta kirol ikusgarri hau gertutik ezagutzeko aukera bikaina da, goi mailako erremontistekin, hain zuzen ere. Jakina denez, Altsasuko kirol eskola eskaintzen artean aurten erremontea eskaini da, lehen aldiz. 

Sarrerak 5 eurotan jarriko dira salgai, jaialdiak hasi baino ordu erdi lehenago, eta jasotakoa Josefina Arregi Klinikara bideratuko da.