Triatloia

34 neska-mutiko udako triatloi campusean

Maider Betelu Ganboa 2021ko uzt. 28a, 12:30

Uztailaren 12an hasi zen Mank-ek antolatutako Sakanako udako triatloi campusa, eta ostiralean despeditu zen.

Sekulako arrakasta izan du. “34 neska-mutikok eman zuten izena, eta hirugarren monitore bat kontratatu behar izan genuen inor kanpoan ez uzteko. Balorazioa oso ona da, oso pozik gaude” aipatu du Amaia Gerrikagoitia kirol teknikariak. Maalen Beraza Etxarri, Oihan Soto Satrustegi eta Ekhi Congil Mendiola izan ziren triatloi campuseko monitoreak, eta Hegoi Lakuntza Zelaia altsasuarra laguntzailea izan zen, boluntario. 

Altsasuko Zelandi igerileku estalietan, Dantzalekun, Urdiaingo igerilekuetan eta inguruko txoko ederretan entrenatu zuten igeriketa, bizikleta eta atletismoa edo korrika batzen dituen kirola. “Aurten gazte asko animatu dira, joan den urtean baino askoz ere gehiago” azaldu du Maalen Berazak. “Gustura datoz campusera, ongi pasatzen dute” gaineratu du Oihan Sotok. Askok larunbateko Sakanako Nafar Kirol Jolasen Triatloian parte hartuko dute. 

Ekhi Congilek monozikloa alde batera utzi du, eta mendi bizikletan dabil, gustura. “Lehenengo aldia da triatloi eskolako monitore naizela. 2017an boluntario aritu nintzen. Orduan zer ikasi erabakitzen ari nintzen eta hemen praktika batzuk egin nituen, oso gustura. Aurten ere oso gustura nabil” nabarmendu du.