Errepresioa salatzea eta “errepresio indarren” jarduna salatzea helburu duen Ospa! Egunak hamargarren urteurrena du aurten. Horregatik, hura antolatzen duen mugimenduak egun horrek orain arte emandakoaren berri ematen duen Ospa! 10 urteko begirada erakusketa antolatu du. Agorrilaren 26tik 28ra, ostegunetik larunbatera arte, 19:00etatik 21:00etara, ikusgai izanen da Gure Etxea eraikinean. Ospa! Egunaren atarikoa izanen da erakusketa. Eguna agorrilaren 28rako iragarri baitu Ospa! mugimenduak. Altsasun barna zabaldutako kartelen bidez Ospa mugimenduak jakinarazi du egun horretan, 19:00etan, Foru plazatik manifestazioa abiatuk dela.
Errepresioaren kontrako Ospa! Mugimenduak jakinarazi duenez, “azkeneko urtean kontrol soziala eta polizien kaleko presentzia ikaragarri handitu da”. Horregatik, Ospa Eguneko 10. edizioko kartelak George Orwelek 1949an argitaratutako 1984 liburuari egiten dio keinu. Ospako kideek gaineratu dutenez, "nobelak fikziozko gizarte kontrolatu baten inguruan dihardu. Aspaldiko fikzioa bada ere, gaur egungo kontrol sozialaren areagotzea, isunak, manipulazio ereduak... gure azalean jasaten ditugun errealitatearen isla dira nobelako gertakizunak". Ospa!-tik ohartarazi dutenez, “guztioi dagokigu errepresioaren aurpegi guztiak salatu eta borrokatzea, gizarte kontrolatu baten parte ez bilakatzeko”.