Altsasuko baso kudeaketako 2020-2021 bi urteko planeko bigarren fasearen barruan, Altsasuko Udalak lau epaitza saldu nahi ditu. Horretarako, plegu itxi bidezko enkante publikoa deitu du. Aurreneko epaitza Tufadi, Tufadiburu eta Porroetako bidean kokatua. Harengatik udalak 28.371,13 euro eskatzen ditu. Bigarren epaitza Bidemakur, Larluz eta Elazbiden dermioetan dago eta hari udalak 88.449,62 euroko balioa eman dio. Hirugarren epaitza bigarren aduanan eta Salsamendin dago eta 32.657,49 euroko prezioa du. Azken epaitza, berriz, Aranean, Araneko Lepoan eta Ilarzangoizen dago eta udalak gutxienez 56.569,56 eurotan saldu nahiko luke. Epaitzak eskuratzen interesa dutenek beraien eskaintzak udal erregistroan aurkeztu beharko dituzte. Irailaren 21ean despedituko da horretarako epea.
Bestalde, Basoitxiko amerikar haritzak mozteko lanak agorrilean hasi ziren. Baso aprobetxamendu horrek bestelako onura ere izanen du, izan ere, zuhaitz horietako asko erori edo beraien adarrak ere erori izan dira. Haiek kenduz, ibiltariendako arriskua kenduko du udalak. Basoitxin 40 hektareako azaleran pinua eta amerikar haritza landatu zuen duela 100 edo 120 bat urte. Espezie bakoitza 2 hektareako laukitan landatu zuten, espezieak tartekatuz, eta, horregatik, inguruak damero izena ere hartu du.
Aipatu epaitza, Otaneta eta Txanpoazpi dermiokoekin batera, Zubillaga Saralegi SM enpresak eskuratu du 120.000 euroren truke. Bestetik, Altsasuko Udalak beste hiru epaitza saldu ditu. Bata Dorretxiki, Murgil eta Martinsagasti dermioetan dago, amerikar haritzez osatuta dago, eta Barboir Smk eskuratu du 41.860 eurotan. Beste biak Altzania aldean daude, eta haritz amerikarrez osatutako loteak dira. Maderas Larreta SM-ak erosi ditu 20.131 eta 20.213 eurotan. Altsasuko Udalak lau epaitzengatik 202.024 euro jaso ditu.