Berak animaliekiko zuen harremana aldatu du hipikak, eta Hamahiru bere zaldiarekiko erlazio ona azpimarratu du.
1. Euskadiko Selekzioarekin Espainiako TREC Hipika txapelketan parte hartu duzu. Nolakoa izan da esperientzia hori?
Ba, lehia igande batean izan zen, eta gu aste horretan bertan astelehenean heldu ginen lehiaketa izango zen tokira. Han egon ginen aste osoan entrenamenduak egiten, iganderako prestatzen.
2. Zertan datza txapelketa?
Hiru proba daude. Lehenengoa orientazioa da. Parte hartzaileok mapa bat eta iparrorratz bat daramatzagu, eta, horiez baliatuta, mendira atera, eta orientazio proba bat gainditu behar dugu. Bigarren probaren izena PAR da, aireko proba. Horretan 100 metroko zelai bat daukagu. Joatean galopan joan behar da, baina ahalik eta mantsoen, trotera, erori gabe. Bueltakoan, aldiz, azkar etorri behar da, trotean, galopan hasi gabe. Azken probaren izena PTV da. Proba hori mendian egiten da, eta bertan berez dauden oztopoak gainditzean datza, adibidez, ateren bat irekitzea, edo salto bat egitea.
3. Nola puntuatzen da?
Orientazioan, esaterako, kontrol puntu batzuk daude, eta egin beharrekoa ongi eginez gero, puntu batzuk ematen dituzte. Ahalik eta ongien egin behar da, eta besteek baino puntu gehiago lortu behar dira. PAR aireko proban denboraren araberakoa da puntuazioa: zenbat eta azkarrago egin lehenengo buelta, orduan eta puntu gehiago lortzen dira. Itzuleran, aldiz, ahalik eta geldoen eginda lortzen dira puntu gehien. Azken proban, PTV proban, puntuazioa egindakoaren arabera jartzen da, kalitatearen arabera: zaldia gelditu egiten bada salto egin behar duenean, puntu gutxiago lortzen dira.
4. Txapelketan zu zeu izan zara bigarren. Pozik zaude lortutakoarekin? Espero zenuen?
Bai, oso gustura nago lortutakoarekin, oso pozik. Espero nuen probak ongi egitea, baina ez hain ongi. Hipika munduko txapelketak ez dira ezagunenak, eta ez da jende gehien egoten den tokia, egia esan, baina maila handia dago.
5. Zein izan da lehiaketara begira egindako prestaketa?
Txapelketara astebete lehenago joan ginen, eta munduko txapelketan egon zen batekin egon ginen entrenamenduak egiten. Berak erakutsi zigun zer egin, eta prestatzen lagundu zigun; beraz, oso ongi. Aurretik hemen ere egin ditugu entrenamenduak lehiaketara begira: orientazioak egiten ditugu hemen inguruan, prestaketa modura, saltoak eta abar.
6. Zure azken lorpena da txapeldunorde postua. Baina noiz hasi zinen hipika mundura hurbiltzen?
Orain dela bi urte hasi nintzen zaldi gainean ibiltzen. Familiarekin joan ginen zaldietan ibiltzera; lehenago inoiz egin ez genuen zerbait izan zen hori. Zaldi gaineko paseo bat izan zen. Asko gustatu zitzaigun, eta horregatik hasi nintzen.
7. Nolakoa izan zen hasiera hori? Zaila egin zitzaizun?
Ez, naturala izan zen. Nik uste nuen paseo hori egun batekoa izango zela eta listo. Baina gustatu egin zitzaidan, eta jarraitu eta jarraitu egin dut; orain arte.
8. Nolakoa izan behar da zaldiaren eta zaldizkoaren arteko harremana?
Ona izan behar da erlazioa. Elkar ulertu behar dute, eta halako harremanik sortzen ez bada jai daukate. Ni nire behorrarekin ibiltzen naiz; Hamahiru du izena. Urtebete daramat berarekin, eta oso erlazio ona daukat berarekin. Zaldiari zerbait txarra egiten bazaio, jotzen baduzu, edo halako zer edo zer, zaldiak gogoratu egingo du. Horregatik, errespetatzea eta tratu ona ematea oso garrantzitsua da.
9. Zer da zuretako lantzen zailena txapelketara begira?
Adibidez, puntu batetik bestera zaldia bakarrik eramatea, askotan zaldiak atera egiten direlako bidetik. Horrez gain, hiru probak zaldi berberarekin egiten dira, eta probak zailak dira. Horregatik, hirurak ongi egitea, balantzatuta eta bateratuta, hori ere oso zaila da.
10. Lehiaketan parte hartzeak inolako presiorik sortzen dizu?
Bai, ateratzean presioa sentitzen da. Nire kasuan, orientazioaren eta aireko proba eginda, PTV proban, berdinduta nengoen hirugarren zegoenarekin. Beraz, horrek presio handiagoa jarri zidan. Hori kudeatzeko, atera eta soilik ibilbidean pentsatu nuen, kontzentratu eta gainontzeko guztia ahaztu nuen.
11. Zein da zure probarik onena edo gustukoena? Zertan sentitzen zara erosoen?
Gehien gustatzen zaidana PTV da. Gehienbat salto gehiago daudelako proba horretan, eta galopan edo lauoinka gehiago ibiltzen garelako, gusturago ibiltzen naiz. Hemen entrenatzen dudan tokian saltoak egiten ditugu sarritan, eta behorra eta biok horretan prestatzen garenez, hori egiten zait errazen. Orokorrean, zaldiengana joan eta haiekin egotea da hipika mundutik gehien gustatzen zaidana.
12. Agurainen hipika klubera joaten zara. Nolakoa da dagoen giroa bertan?
Inoiz ez naiz bakarrik egoten, beti dago jende gehiago: lagunak, monitoreak… Erlazio oso ona daukagu denon artean, eta hipikatik kanpo ere geratzen gara. Familia bat sortu dugu mundu honen inguruan. Niri lehen ez zitzaizkidan animaliak asko gustatzen, baina zaldian ibiltzen hasi nintzenean trantsizio bat bizi izan nuen, eta gustatu zitzaidan. Orain hobeto nago han, zaldi artean, etxean edo beste edozertara jolasten baino.
13. Zer esango zenioke jendeari hipikara hurbiltzeko?
Ba, hasiera batean jendeak pentsa lezake ez dagoela konexiorik zure eta animaliaren artean. Baina, hurbilduz gero, ikusiko dute erlazio handia dagoela zaldiekin eta oso polita dela.
14. Azkenik, ze asmo daukazu etorkizunera begira?
Nik zaldiekin zerikusia daukan zerbait ikasi nahi dut etorkizunean. Nire emaitzak hobetu nahi ditut, lehiaketan ongi aritu, eta etortzen dena etorriko da.