Beriaini Bargagainek hartuko dio lekukoa bihar, larunbata, izan ere igandean Tritoiena lasterketa antolatu eta gero, bihar Lehenengo Bargagaingo Igoera-Hotel Izelai Sari Nagusia antolatu baitu Dantzaleku Sakanak.
Zergatik Bargagain
Arrazoi asko daude proba prestatzera bulkatu gaituztenak. Batetik, altsasuarrendako beti erronka izan da Bargagain zenbat denboran igoko ote dugun jakitea. Betidanik. Bestetik, joan den urtean Dantzalekuko Jabi Gasanzek eta Jokin Bereziartuk 21 ordu pasako tartean Bargagain 12 aldiz jarraian igo zuteneko erronka ilusio handiz bizi izan zen herrian. Hirugarrenik, Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren barruan mendi taldea dugu, eta 14 neska-mutil inguru ibiltzen dira bertan, Gasanz eta Bereziartu tartean. Joseba Galarzarekin batera, 16 urtetik gorako mendi atletismo taldea entrenatzen dute hirurek, gazteen artean arrakasta handia izan duena. Bestetik, Haizea Ramirez de Alda eta Erkuden San Martin ere Dantzalekuko mendi korrikalariak dira, eta polita iruditu zitzaigun korrikalari guztiei begira Bargagaingo Igoera prestatzea. Mendi lasterketarekiko dagoen zaletasuna aprobetxatuz egun ederra antolatu dugu, guztien gozamenerako. Eta gogora ekarri nahi dut 1993. eta 1994. urteetan Bargagainera Igo eta Jaitsiera lasterketa antolatu zela” azaldu du Dantzaleku Sakana klubeko Peio Bergarak.
Aurrekariak, 1993 eta 1994 urteetako probak
1993. urteko Altsasuko Ferietako larunbat goizean 1. Bargagainera Igoera eta Jaitsiera antolatu zen. “Jose Manuel Goikoetxea “Fardel” zen orduko alkatea, eta Antton Ramirez de Alda kirol zinegotzia. Altsasuko Peñen elkartearekin batera antolatu zen lasterketa. Altsasutik atera, Bargagainera igo eta atzera ere jaitsi beharra zegoen. Lau parte hartzaile izan ziren. Hurrengo urtean ere, 1994. urtean, lasterketa antolatu zen. Orduan 6 parte hartzaile izan ziren. Eguraldi kaxkarrarekin jokatu zen proba, zirimiria eta lainoa ari zuela, eta Aitor Mendozak irabazi zuen, 16 urte inguru zituela. Igor Artieda bigarren sailkatu zen, Jose Andres Cerro hirugarren eta Elena Sanchez laugarren izan zen, Julian Otaegirekin batera helmugara iritsita. Josean Salgadok ere parte hartu zuen” ekarri du gogora Bergarak. Baina urte hartatik aurrera Bargagainen ez da gehiago lasterketarik antolatu, bihar arte.
4,2 km eta 625 m desnibela
Izena eman duten 60 korrikalariak goizeko 10:00etan abiatuko dira Altsasuko Foru Plazatik. (528 m). Herritik jaitsita, probako babeslea den Izelai Hotel pareraino joango dira, BM merkataritza gune parean buelta hartu eta Iru Bide parean Bargagaingo bidera joz, gurutzeraino heltzeko (1.153 m.). 4,2 kilometrotan 625 metroko desnibela gainditu beharko dute. Beraz, proba gogorra eta teknikoa da.
Banaka edo taldeka parte hartuko dute korrikalariek. Taldeen kasuan, azkeneko tokian sartzen denaren denbora hartuko da kontuan. “Lasterketa herrikoiago egiteko erabaki genuen taldeka parte hartzeko aukera ematea” erantsi du Bergarak. Probaren segurtasuna bermatzeko anbulantzia eta medikua egonen dira Gaztelu parean.
Behin korrikalari guztiak gurutzera helduta, guztiak batera jaitsiko dira, eta 12:30ean izango da sari ematea, Foru Plazan. Txapeldunek txapelak, eta gainontzeko sarituek Katealde pateak eta Conservas del Reinoko produktuen loteak jasoko dituzte opari. Azkenekoek ere saria lortuko dute: afaria Il Padrino jatetxean.
Larunbaterako eguraldi ona iragarri dute, eta proba jarraitzera eta korrikalariak animatzera joateko deia egin du Dantzalekuk. Bargagaingo Igoeraren lehen edizioa dela kontuan izanda, klubarendako sekulako arrakasta da 60 korrikalarik izena eman izana.
Ekipazio berria salgai
Dantzaleku Sakana Atletismo Taldeak ekipazio berria mustu du. Emakumeendako eta gizonendako kamisetak, kuloteak, praka motxak, sudaderak eta xira diseinatu ditu Joma etxeak. Ekipazio berria erosi nahi dutenek horretarako aukera izango dute proba gauzatzen den bitartean klubak Foru Plazan jarriko duen postuan. Ziur Dantzalekuko kide askok Bargagainen mustuko dutela jantzi berria.