Altsasuko Udalak, Josefina Arregi klinikaren psikogeriatrikoaren laguntzarekin, ariketa fisikoko Altsasu mugitzen da programa pilotua antolatu du. Altsasun erroldatuta dauden 70 urtetik gorako pertsona guztiei zuzenduta dago. Autonomoak izanik, beren eginkizunetako batzuk galtzen ari badira eta, horregatik, oinez ibiltzeko makila edo ibilgailua erabili behar badute, ahul sentitzen badira, edo erorikoen beldur diren altsasuarrei zuzenduta dago.
Adinekoen autonomia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko udalaren zerbitzu berria irailaren 15etik azaroaren 5era garatuko da. Udalak jakinarazi duenez, “taldeko jarduera bat da, Josefina Arregi klinikako fisioterapeuta batek zuzendua. Ariketa fisikoak eginen dira, gorputzeko atal ahulagoak indartzeko”.
Eskaintza berrian parte hartzeko, ezinbestean, izena eman behar da. Horretarako, Altsasuko udal kiroldegira edo klinikara hots egin behar da, 948 562 786 edo 948 563 850 telefonoetara. Bestela, bi tokietako batetik pasa eta han bertan eman daiteke izena. Horretarako epea astelehenean despedituko da. Izena eman ondoren, galdutako edo gehien hondatutako funtzionalitateak baloratuko dira, eta bi talde egin ahal izango dira, izena eman duten pertsonen narriadura-mailaren arabera. Balorazioa egin ondoren, izena eman duten pertsonek 15 euroko ordainketa egin beharko dute. Programa Burunda pilotalekuan izanen da astelehen eta asteazkenetan. Lehen taldea 10:00etatik 11:15era ariko da eta bigarrena, berriz, 11:30etik 12:45era. Nafarroako Gobernuak finantzatutako programa da.