Bazterretik

Oporren ondoko proposamenak

Altsasuko Liburutegi Publikotik irakurketa proposamen hauekin gatoz: 

  • Helduendako: Herriak ez du barkatuko (Elkar, 2021) Irati Goikoetxea. 
    Irati Goikoetxeak (Beasain 1984) 2019ko Igartza Saria jaso zuen Herriak ez du barkatuko eleberriarekin. ETAren biktima baten mina landu nahi izan du egileak, eta liburua "eztabaidatzeko" tresna izatea espero du.
    ETAk aita hil zion Oihanari duela hogeita bi urte, berak hemeretzi zeuzkala. Zauria bizirik du oraindik, baina ez du horretaz inorekin hitz egiten; bere seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu, nahiz eta barruan sumatu on egingo liekeela denei kontatzeak. Ezustean, biktimen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen.
  • Familia-haurrendako: Goliat eta izarrak; Joanes eta kanpaiak; Aiert eta herensugea; Maren eta azeria (Ibaizabal, 2019-2020) Patxi Zubizarreta (idazlea) eta Jokin Mitxelena (ilustratzailea). 
    Bilduma hau aproposa iruditzen zaigu seme-alabekin irakurtzeko. Literaturaren bitartez bidaiatu egin daiteke, eta bidaia horrek, askotan hurbil izanagatik ere, ezezagun ditugun leku horietara eraman gaitzake. Horixe da Garalar Maralar liburu ilustratu laukotearen kasua. Bildumak irakurlea Aralarko mendietara hurbiltzea du helburu, bertako bide, gailur eta kobazuloetan barneratzea, Joanes artzaina, Goliat txakurra eta Aiert eta Maren anaia-arrebak protagonista dituzten abentura eta pasarteen eskutik.