Astekaria

"Esperientzia honek begiak ireki dizkit"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ira. 8a, 14:18

Paula Urabayen Ochoa-Aizpurua ballet ikasten ari da. UTZITAKOA

Russian Masters Ballet konpainiaren ikastaro trinko batean egon da Paula Urabayen Ochoa-Aizpurua altsasuarra. Dantzari profesionala izateko trebatzen ari da dagoeneko.

Dantzan oso gazte hasi zen Paula Urabayen Ochoa-Aizpurua, eta, orain, 13 urterekin, oso argi dauka: dantzari profesionala izan nahi du. Horretarako balletean trebatzen ari da Iruñean, eta uda honetan Errusiar dantza konpainia bateko Vaganova Academy Summer Intensive ikastaroan egoteko ohorea izan du, Alacanten. Dantzaren munduan jarraitzeko indarra eman dio.

Noiz hasi zinen dantza egiten?
Lau urterekin hasi nintzen dantzatzen. Ez nintzen balleta ikasten hasi, estilo horrek ez baininduen erakartzen. Irantzu Gonzalezekin hasi nintzen. Altsasun hasi zenetik hasi nintzen berarekin, eta duela urtebete inguru bukatu nuen berarekin, profesionalki trebatzeko Iruñeko Almudena Lobonenera joan nintzelako.

Noiz erabaki zenuen balletarekin hastea?
Niri dantza garaikidea gustatzen zait. Orduan, jende guztiak esaten zidan garaikide ona egiteko klasikoaren oinarri ona izan behar dela. Ezinbestekoa da klasikoa egin nahi dituzun estilo guztietarako. Orduan pentsatu nuen, “orain nora noa?”. Irantzuk Almudena Lobon gomendatu zigun, eta hor hasi nintzen. Bertan ari naiz etorkizunean dantzari profesionala izateko. 

"Balleta edozein dantza estiloko oinarria da"

Zenbat denboraz entrenatzen zara?
Egunero joaten naiz, ordu eta erdi. Batzuetan hiru ordu ere egoten gara, ostiraletan; 15:30ean hasi eta 21:30 inguruan bukatzen dugu.

Sakrifizioa da?
Oso argi daukat hau egin nahi dudala, baina, bai. Gauza asko alde batzera utzi behar dira batzuetan: herriko bizitza, ikasketak, lagunekin ezin naiz gelditu entseatzera joan behar dudalako… gogor samarra da.

Udan Errusiako konpainia bateko ikastaro batean egon zara. Nola iritsi zinen ikastaro horretara?
Almudena Lobonen ari nintzela amak esan zidan Russian Masters Balleten ikastaro bat egiteko kasting bat egiten ari zirela. Amari galdetu nion ea horretara aurkezteko benetan prest ikusten ninduen. Hasieran bertigo pixka bat eman zidan, gau asko lo egin gabe egon nintzen. Amak saiatzeko esan zidan, eta bestela hurrengo urtean saiatuko ginela berriz. Esperientzia bizitzeagatik ez zen ezer gertatuko, ezetza bageneukan, eta abentura bizi behar nuen. Casting bat egin behar izan nuen, Madrilen. 

Nolakoa izan zen castinga?
Ballet klase normal baten antzekoa zen, baina kamerak zeuden eta goian ikuskatzaileak zeuden argazkiak eta bideoak egiten, gero haiek lasaiago ikusteko. Nire lehenengo castinga izan zen. Pandemiaren aurretik egin nuen, eta ikastarora 2020an joan behar nuen, baina bertan behera gelditu zen, eta aurten joan naiz. Hamabost egun egon nintzen ikastaroan, uztailaren 12tik 25era.

Nolakoa izan zen onartua zeundela esan zizuten momentua?
Negar egin nuen. Castingean jende oso ona ikusi nuen, eta ezin nuen sinetsi. Ez nuen inolaz ere irudikatzen. Emozioz negar egin nuen, ama ere negarrez…

Sartzea espero zenuen?
Castinga amaitzean irakasle batek baiezko keinu bat bezala egin zidan; nire estiloa gustatu zitzaiola pentsatu nuen.

Zer nolako esperientzia izan da ikastaroa?
Iritsi nintzenean beste neska guztiak elkarrekin zeudela eta lagun taldean zeudela ikusi nuen, eta ni gurasoekin bakarrik nengoen. Non sartu ote naiz pentsatu nuen. Abenturara bakarrik joan nintzen, eta besteak dagoeneko lagun taldeekin joaten ziren; kontserbatorioko lagunekin edo eskolako lagunekin. Orduan, arriskatzea erabaki nuen. Disfrutatzea. Gogorra izan zen ere, ez zelako nire betiko errutina eta bizitza estiloa pixka bat aldatzea suposatzen zuelako. Baina izugarri disfrutatu nuen.

Nolakoa zen egun bat?
Hotel batean lo egiten genuen. Goizeko zortzi eta erdietan jaikitzen gintuzten. Ordu erdian janzten ginen, eta gosaltzera jaisten ginen. 10:00etan jarduerak egiten hasten ginen: hondartzara joan, eskulanak… egunaren araberakoa zen. Gero ballet klaserako janzteko tartetxo bat ematen ziguten: mallota jantzi, mototsa egin, mediak… Gauean telefono mugikorra kentzen ziguten, oso zorrotzak ziren telefonoarekin, eta bazkaltzeko orduan tartetxo batean ematen ziguten; denbora libre pixka bat ematen ziguten. Jaisten ginen, eta hotelaren sarreran itxoiten genuen. Tenperatura hartzen ziguten, eta meriendatzeko fruta hartzen genuen. Dietista bat zegoen, eta gaizki sentitzen baginen geratzeko aukera genuela esaten zigun. Autobusera igo, eta Noveldara joaten ginen, kontserbatoriora. Bertan 15:30etik 21:00etara entseatzen egoten ginen. Dutxatu gabe afaltzera joaten ginen, eta logelara oso berandu igotzen ginen. Dutxatu, familiari deitu eta hitz egiten geratzen ginen pixka bat. Argiak itzaltzen zituzten, eta lotara.

"Ballet Errusiako udako ikastaroa izugarri disfrutatu nuen, baina gogorra izan zen"

Oso intentsiboa, beraz. Nolakoak ziren klaseak?
Mailak zeuden. Ni gaztetxoena nintzen; besteek 15 urte inguru zituzten. Open Profesional edo pre profesional lau maila zeuden: O1, O2, O3 eta O4. Niri adinagatik zegokidana baino maila bat altuagoan jarri ninduten, ez dakit zergatik, eta O2an nengoen. Profesionaletan sei maila zeuden. Open-ean 53 ikasle ginen, eta profesionalean 80 bat. Talde txikitan banatuta geunden, baina gogorra zen. Ez bazintuzten gai ikusten, mailaz jaisten zintuzten. Klaseak klase normalak ziren. Barra eta zentroa egiten genuen. Batzuetan gyma ere egiten genuen, egunaren arabera. Bigarren orduan azken eguneko ikuskizuna prestatzen genuen, eta hirugarren orduan Karakter izeneko estilo berri bat egiten genuen. Zaila zen estiloz guztiz aldatzea zelako, eta pixka bat zaila zen.

Ikastaro hau San Petersburgon, Istanbulen eta Alacanten egiten zen. Nongo jendea zegoen?
Polonia, Suitza, Portugal, Frantzia, Espainia… Nafar bakarra nintzen ni. Elkar ulertzeko ingelesa erabiltzen genuen, baina nik ere ez dut asko kontrolatzen; beraz, mimikaz ulertzen genuen elkar.

Dantza ez ezik, beste gauza batzuk ere ikasi dituzue.
Bai. Baita errutinak eta beste kulturak ere. Gainera, bi hitzaldi izan genituen ere: lehenengoa ballet influencer errusiar ezagun batena eta bestea konpainiako dantzari batena. Lehenengoak Instagramen ballet dantzari influencerra izateko eta ospea lortzeko urratsak kontatu zizkigun. Besteak azaldu zigun konpainia batean sartzea zaila dela, eta berez dantza ez dela zaila baina diziplina handia izan behar dela: egunero kirola egin, elikadura zaindu eta abar. Aste bat galduz gero, nabaritu egiten da.

Nongoak ziren irakasleak?
Denak errusiarrak ziren. Askok ingelesez zekiten, eta ez zuten itzultzailerik behar; baina beste batzuek ez zekiten, eta neska batekin egiten genuen klasea. Urratsez urrats dena itzuli behar zuen. Oso exijenteak ziren. Haserretzen zirenean beldur pixka bat ematen zuten. Baina, beste alde batetik, gurekin jatorrak ziren, eta txantxetan ibiltzen ziren. Ez zuten bakarrik alde txarra ateratzen. Baina gogorrak ziren, bai. Ez zuten bakar bat ere pasatzen uzten. Oihukatzen zuten, eta guk egin egin behar izaten genuen. Purrustada botatzen zuten, baina ohitu ginen.

Zer izan behar du ballet dantzari batek?
Elastikotasuna. Hanketan eta besoetan indartsuak izatea eskatzen ziguten. Norberaren estiloak ere asko egiten du. Nik ikusten nituen oso ballet dantzari onak zirenak, baina ezer transmititzen ez zidatenak. Aldiz, beste dantzari batzuk ballet prototipo horretatik aldentzen ziren, baina dantza egitean sentitzen zutela ikusten zen. Beste zerbait adierazten zuten. Niri hori gehiago gustatzen zait. Nik uste irakasleak ere horretaz arduratzen zirela.

Jantzia ere garrantzitsua da. Zer eraman behar da ballet klase batera?
Mototsa ongi egina, ongi lotuta, edozein mugimendurekin ez desegiteko, mallota eta media garbiak. Oso garrantzitsua da hori. Media punta zapatak, puntak eta karaktereko zapatak, kasu honetan. Beheko partea ez da hain garrantzitsua: batzuek gonatxoa eramaten dute, beste batzuek short-ak, plastikozko praka bereziak…

Bukaeran ikuskizun bat egin zenuten, ezta?
Maila bakoitzak bariazio bat egiten zuen. Gurea Silfide zen. Lehenengo talde bat ateratzen ginen, soinekoak ederrak ziren, buruko apaingarria… Ondoren, beste talde bat sartu zen eszenatokian. Bi astetan ikasitakoa erakutsi genuen.

Dantzaren alde onak eta txarrak azaldu dizkizuete, eta, hala ere, aurrera jarraitu nahi duzu?
Esperientzia honek begiak ireki dizkit. Konfinamenduak edozer gauza egiteko gogoa kendu zidan, eta, azkenean, gogorik gabe nengoen. Pentsatzen nuen denak horrela jarraitzen bazuen… Orduan, hemen ikusi dut mundu hau nolakoa den eta gogorra dela. Trebatzen jarraituko dut, eta egunen batean nekatzen banaiz edo iristen ez banaiz, nire bizitzaren etapa izugarri polit bat izango da, beti gogoratuko dudana; izan ere, oso txikitan hasi nintzen. Momentuz, kastingetara eta probetara aurkezten jarraituko dut. Ikastaroaren amaieran irakasleek gurasoekin hitz egin zuten, eta esan zieten irakasleek oso ongi ikusi nindutela eta oso ongi aritu nintzela. Amak komentatu zien garaikidea gustatzen zaidala, eta haiek dudarik gabe garaikidean ikusten nindutela esan zuten.

Zer esaten dizute familiak eta lagunek?
Nire gurasoek beti babestu naute. Hori egin nahi badut lagunduko didatela esan didate, eta ahal duten guztia egingo dutela. Baina gogorik gabe ikusten banaute galdetzen didate ongi nagoen edo zer gertatzen den. Badakite oso gogorra dela. Orduan, egunen batean utzi behar badut, beldurrik gabe esateko esaten didate. Sakrifizio handia da beraiendako ere. Egunero Iruñera eraman behar naute, eta hori ezin du edonork egin. Ikasketak lehenengo daudela esaten didate ere; beraz, egunen batean ikasketak gaizki badoaz, balleta amaituko da. Ni antolatzen saiatzen naiz ikasketak egunean eramateko; autoan ikasten joaten naiz eta abar.

Eta egunen batean nekatzen bazara, dantzan jarraituko duzu?
Bai, ballet irakaslea izaten saiatuko nintzateke. Txikitxoei balleta irakasten hasiko nintzateke. Azken finean, zaila da balletean hastea gurasoek ezin dutelako. Nik nahi nuke neska edo mutil horiek aukera izatea.