Hogeigarrenez, 'Ezin zailagoa'

Guaixe 2021ko ira. 7a, 11:45

'Ezin zailagoa' jaialdiak hogei urte bete ditu, eta Altsasun egin dute urteurrenaren azken emanaldia. Bi arte eszeniko proposamen ekarri dituzte: 'Argako Erregina' eta 'Sacred'

Zirkua Nafarroa osoan zabaltzeko helburuarekin sortu zuten duela hogei urte Ezin zailagoa jaialdia. Bost udalek bat egin zuten udan kaleko programazioa egiteko, eta kalean egin daitekeen ikuskizun egokiena zirkua da. Bost herri hauek elkartu ziren zirku jaialdia antolatzeko eta programa bera herri guztietan egiteko. Konpainiek zirku karabana bat bailitzan Nafarroan zehar bidaiatzen dute. Gaur egun Tuteran, Vianan, Uharten, San Adrianen eta Altsasun egiten da jaialdia.

Nafarroako zirku jaialdian goi mailako konpainiek parte hartzen dute. Zirku garaikidea da eta ideia berriak aurkezten dituzte, eta horregatik erreferentziazko zita bihurtu da. Arte eszenikoen diziplinak uztartzen dituen zirkuaren aldeko apustua egiten dute ere.

Urteurren jaialdia da aurtengoa, eta Tuteran, Vianan, Uharten eta San Adrianen emanaldiak eskaini ondoren, Altsasun itxi zuten ospakizuna larunbatean. Bi proposamen aurkeztu zituzten: Argako Erregina eta Sacred. Remigia Echarren funanbulista nafarrari egindako antzerki omenaldia da Argako ikuskizuna. Iruñean aritzen zen zirkugilea zen Echarren, eta XIX. eta XX. mendeetan oso ezaguna zen. Estefanía de Paz Asínek antzerkiaren eta zirkuaren bidez Remigia Echarren nor zen azaldu zuen. Bestetik, La Glo Circo konpainiak eta Tracken Studiok Sacred ikuskizun berritzailea egin zuten. Iortiaren fatxadan dantza eta zirku bertikaleko ikuskizuna eskaini zuten, bideo mapping ikus-entzunezko batekin lagunduta.