Dendak kalera atera ziren asteburuan

Guaixe 2021ko ira. 8a, 13:58

Beherapenen akabera moduan mauka ederrak eskaini zituzten. Dendari elkartea orain Ostalaritzako tonbola kanpaina prestatzen hasi da.

Altsasuko Dendari Elkarteko (ADE) hemenzortzi dendek euren eskaintza kalera atera zuten asteburuan. Guztia prezio merkeagoan eskuratzeko aukera izan zen, beherapenei bukaera ematea eta biltegiak hustea izan baitzen Merkataritza Kalera ekimenaren helburua. Oinetakoak, jantziak, osagarriak eta liburuak eskuratzeko aukera izan zuten altsasuarrek eta bisitariek. 

Bestetik, Altsasuko Udala, ADErekin batera, Ostalaritzako tonbola kanpaina prestatzen hasi da. Kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan 20 euroko erosketa bakoitzeko tonbolako txartel bat emanen da opari lastailean. 10 euroko saria duten txartelak kanpainarekin bat egin duten ostalaritza establezimenduetan kontsumitzeko aukera emanen du. Kanpainarekin bat egin nahi dutenek udalaren www.altsasu.eus webgunearen bidez eman dezakete izena.