Herrian kontsumitzeko kanpaina berria martxan jartzear da

Guaixe 2021ko ira. 13a, 09:04
Salgaiak kalera atera zituzten dendek hileko lehen asteburuan.

Udalak eta dendari elkarteak Ostalaritzako tonbola kanpainan izena emateko epea asteazkenera arte dute zabalik. Dendetan 20 euroko erosketa egin eta tonbolako txartela emanen dute. Saria izanez gero, herriko ostalaritza establezimenduetan kontsumitzeko aukera izanen du zorionekoak

Herrian bertan erosketak egitea sustatzeko helburuz eta herriko ekonomiari bultzada eman eta herri bizia lortzeko helburuz, Altsasuko Udalak Altsasuko Dendarien Elkartearekin (ADE) batera Ostalaritzako tonbola kanpaina martxan jarriko du. Horretarako, lehen lehenik, herriko ostalaritza establezimenduek kanpainarekin bat egiten dutela adierazi beharko dute. Hori egiteko bidea www.altsasu.eus udal webgunean dagoen galdetegia erantzutea da. Eta hilaren 15erako erantzun beharko dute. 

Bat egiten duten dendetan 20 eurotik gorako erosketa bakoitzeko bezeroak tonbolako txartel bat jasoko du. Saritutako txartelek 10 euroko balioa izanen dute, ekimenarekin bat egin duten Altsasuko ostalaritza establezimenduetan kontsumitzeko aukera ematen dutena. Udalak eta ADEk jakinarazi dutenez lastailaren 1ean hasiko dira tonbolako txartelak banatzen eta saria eskuratzen duten zorioneko bezeroek haiek azaroaren 30era arte gozatzeko aukera izanen dute. Tonbolarekin bat egiten duten establezimenduak kanpainaren kartela agerian izan beharko dute. 

Kanpainaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, 5.000 tonbola txartel banatuko dituzte eta haietako 1.400ek saria izanen dute. Gaineratu dutenez, “txartelak banaka edo metatuta trukatu ahal izango dira. Nolanahi ere, osorik gastatu behar dira, ez baita dirurik itzuliko”. Azken jakinarazpen bat ere egin dute: “ezin izango dira tabakoa edo loteria erosteko erabili, ezta apustuak egiteko ere”. Udalak kanpaina garatzeko 17.000 euro bideratu ditu.