Ludotekan izena emateko epea zabalik

Guaixe 2021ko ira. 14a, 10:33
Haurrak ludotekan. ARTXIBOA

Gaurtik hilaren 21era egin daiteke inskripzioa, 948 012 012 doako telefonora hots eginez edo www.altsasu.eus webgunearen bidez. 

Txantxarik, Altsasuko udal ludotekak, ikasturte berrirako izen ematea zabalduko du gaur, asteartea, irailak 14. Hiru adin tartetarako eskaintza du ludotekak. Alde batetik, 2003 eta 2009 urteen artean jaiotakoek astegun guztietan izanen dute ludoteka erabiltzeko aukera (astelehen, asteazken eta ostiraletan 15:30etik 16:45era eta astearte eta asteazkenetan 18:30etik 20:00etara). Bestetik, 2014 eta 2017 urteen artean jaiotakoak ludotekan 17:00etatik 18:15era egoteko aukera izanen dute astegunetan. Azkenik, 2018 eta 2021 urteen artean jaiotakoen familia saioak daude (astelehen, asteazken eta ostiraletan 18:30etik 20:00etara). 

Onartutakoen behin-behineko zerrenda irailaren 22an argitaratuko dute. Egun horretatik 24ra ezeztapenak eta erreklamazioak egiteko aukera egonen da 948 012 012 telefonoaren bidez. Behin betiko onartuen zerrenda hilaren 28an argitaratuko da. Eta udal zerbitzua erabiliko dutenen gurasoek hilaren 28tik 30era izanen dute ordainketa egiteko aukera. Lehen adin tarteak ikasturteko 5 euro pagatu behar ditu. Bigarren adin tarteko erabiltzaileek, berriz, astean egoten diren saioen arabera: astean behin 26,1 euro, astean bitan 49,1 eta astean hirutan 62,3. Familia bereko bi partaide edo gehiago badira, bakoitzak 3 euroko deskontua izanen du (ez da dokumentaziorik aurkeztu behar). 

Pandemia garaian gaudenez, COVID-19 gaitzaren kontrako protokoloa indarrean izanen da Txantxari ludotekan. Horregatik, talde kopuru murriztua onartuko dute, talde finkoak osatuko dituzte, umeek segurtasunezko distantzia mantendu beharko dute, baita musukoa erabili ere. Gainera, ludoteka bera eta erabilitako materialak saio bukaeran desinfektatuko dituzte eta, aldi oro, eskuak garbitu beharko dira.