Herrian alokairuko etxe premia dagoela argudiatuta, EH Bilduk, mozio bidez, proposatu zuen San Pedro auzunean Altsasuko Udalak dituen bi etxebizitzak zaharberritzea, eta, behin hori eginda, alokairuan jartzea. Etxebizitza horiek alokatzeko udalak baremoa osatu beharko lukeela gaztigatu zuen EH Bilduk. Horrekin batera, koalizioak alokairu taula bat osatzea eskatu zuen. Haren oinarria soldata gordina eta biziko liratekeen pertsona kopurua lirateke. Mozioa ez zen onartu.
Javier Ollo Martinez alkateak, azaldu zuenez, “nahiago genukeen mozioa baino Hirigintza Batzordean lantzeko testua izan balitz”. Hori argitu ondoren, alkateak azaldu zuenez, “Gurutze Gorriaren egoitza izandako etxebizitzak urtetan ez du erabilerarik izan eta hondatuta dago. Bestea okupatuta dago eta zigor auzibidea zabalik dugu hura berreskuratzeko”. Alkateak jakinarazi zuenez, Gurutze Gorriaren egoitza hartu zuen etxebizitza enkante bidez saltzea nahi luke Geroa Baik. “Ez da mantentze lanik egin eta eskatzen duen zaharberritze lana oso handia da”. Salmenta horren kontra agertu zen EH Bildu. Koalizioko bozeramaile Javier Paz Miñok esan zuenez, “ez dugu uste herriarendako ona denik ondasunak saltzea”. Hura zaharberritzearen alde eta udalak alokatzearen aldeko jarrera berretsi zuen.
Beste eraikinaren jabetza 2018an berreskuratu zuen udalak. Ollok azaldu zuenez, “2019an Oinarrizko Gizarte Zerbitzutik udalari proposatu zitzaion etxebizitza hori gizarte larrialdi egoeretan erabiltzeko bideratzea eta udalak kudeatzea”. Okupazioa bukatu eta udal jabetzara bueltatu ondoren, “hirigintza batzordean, Gizarte Zerbitzuekin batera, egitasmoa nola gauzatu aztertuko dela aurreratu zuen Ollok, “egokienak haiek kudeatzea litzateke”, gaineratu zuen.
Alokairuzko etxebizitza eskaerari erantzuna emateko, alkateak gogorarazi zuen Nafarroako Gobernuarekin hizketan ari direla babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko Galtzada kaleko 6. zenbakian. Nasuvinsa enpresa publikoak eginen lituzke eta alokatu eginen lirateke. “Eskaerarekin bat egiten duen kopurua eginen luketela esan ziguten”, argitu zuen alkateak.