Pankarta berria, aldarrikapenak berresteko

Guaixe 2021ko ira. 13a, 09:26
Pentsio duinen aldeko mugimenduak joan den astelehenean pankarta berria mustu zuen.

Pentsio duinen aldeko mugimenduak Altsasun kontzentrazioak egiten segitzen du, astelehenero, 12:00etan. Gaur, irailak 13, udaletxearen parean elkartuko dira. 

Sakanako jubilatuen eta pentsiodunen mugimenduak deituta pentsio duinen aldeko kontzentrazioak egiten dira Altsasun astelehenero. Zumalakarregi plazan egin zen astelehenean bilkura, eta mugimenduak pankarta mustu zuen, bere aldarrikapen ezagunenak jasotzen dituena: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 1.200 euroko gutxieneko soldata. Mugimenduak kezkaz hartzen ditu Toledoko Itunak pentsio sistemaren erreformaren inguruan sortzen dituen albisteak. 

Aitortzen dute itunak bermatzen dutea pentsioak aurreko urteko KPIrekin eguneratzea, baina gabezia handiak ere badituela salatzen dute: jubilazioa atzeratzea bulkatzen du, alde aurretik jubilatzea zigortzen du eta jasangarritasun faktorea belaunaldien arteko ekitate mekanismo bategatik ordezkatzen du”. Horregatik, gaur, 12:00etan, berriro kalera aterako dira pentsio duinak aldarrikatzera. Oraingoan udaletxe parean.