Txirrindularitza

Txirrindularitza asteburua Altsasun

Guaixe 2021ko ira. 10a, 10:00

Larunbatean kategoria txikiko lasterketak jokatuko dira 16:00etatik aurrera, eta igandean XCII. Altsasu Txirrindularitza Proba jokatuko da 10:00etatik aurrera, Euskaldun Trofeoa itxiko duen proba ezagun eta prestigiotsua, estatuko zaharrena

Txirrindularitza zaletuek gozatu ederra hartuko dute asteburu honetan Altsasun, izan ere bi lasterketa izanen baitira: kategoria txikikoen lasterketak, larunbatean, eta afizionatuen mailako 92. Altsasu Proba, igandean.

Burunda klubak antolatuko ditu kategoria txikiko lasterketak. 16:00etan ginkana probak jokatuko dira Iortia plazan eta Zumalakarregi plazan, eta, ondoren, lineako lasterketen txanda izango da, Burunda elkarteak prestatutako ohiko zirkuituan, Altzania, Nafarroa, Idertzagain eta Auzobide kaleak batzen dituena.

Igandean afizionatuen mailako txanda izanen da. Altsasu Kirol Elkarteak antolatuta, 92. Altsasu Proba jokatuko da, goizeko 10:00etan Altsasu Kirol Elkarteko egoitzaren paretik, Altzania kaletik abiatuko dena.  Altsasu Proba estatuko proba espainiar estatuko zaharrena da, eta antolakuntzak duen guztia eta gehiago ematen du aurrera atera ahal izateko. Gaur egun Sakanan antolatzen den afizionatuen mailako lasterketa bakarra da. 

Probak duen prestigioari Euskaldun Trofeoa erabakiko duen proba dela gaineratu behar zaio, Euskaldunerako baliagarria den azkena. 23 urtez azpiko eta elite mailako txirrindulariek hartuko dute parte, afizionatuen mailako onenek. Txirrindulariek 140 kilometro izanen dituzte aurretik, aurreko edizioan baina 19 kilometro gehiago. Aurreko urtean bezala, Altamira seitan igo eta jaitsiko dute, baina aldaketak egin dituzte ibilbidean. 

Altamira seitan, Ameztia bitan
“Aldaketa nabarmenena da aurten lasterketa ez dela Iturmendiraino iritsiko. Horren ordez, Ameztia auzora bi igoera sartu ditugu. Laburbilduz, hasieran Zegamako bidegurutzeraino helduko dira txirrindulariak. Buelta hartu eta Altsasuko erdigunetik pasata, Olaztiko bidea jarraituko dute, Altsasuko aldetik Altamira igo, Olaztira jaitsi eta atzera ere Altsasurantz abiatzeko. Altsasun, Josefina Arregi Klinika paretik Institutuetarako bidera sartuko dira, eta handik Dantzalekura eta San Pedrora helduko dira, aurrera eginez Urdiainera heltzeko. Eta handik Altamirarantz abiatuko dira berriz. Ibilbide hau, hau da, Urdiain, Olazti eta Altsasu artekoa, Zegamaraino iristea izan ezik, beste 3 aldiz egingo dute, baina Altamirako azken bi igoeren ondoren, Altsasutik Ameztia auzora igoko dira, gero ibilbidea San Pedroko bidearekin lotzeko” azaldu du Altsasu Kirol Elkarteko txirrindularitza sekzioko arduradun Felix Mazkiaranek. 

Helmuga Altsasuko udaletxe parean egongo da, eta txirrindulariak 13:30ak aldera espero dituzte. Sari ematea Iortia plazan izanen da, pandemia dela eta eskatutako arauak betetze aldera. Taldeen autoak ere bertan egonen dira.