Festetako egunetako egitaraua "argudiorik gabe ukatzea" salatu dute

Guaixe 2021ko ira. 10a, 09:09
2019ko Altsasuko Festak. ARTXIBOA

Gaur, irailak 10, Altsasuko Festak hasiko ziren. Gazte talde batek festak izango ziren egunetarako kultur egitaraua antolatu zuen, baina udalak baimenak ez emateko "azken momentura arte" itxoin duela salatu dute.

Altsasuko "ez festetako" kultur eskaintza antolatzen egon den taldeak ohar bidez jakinarazi du, festak izango ziren egunetarako -irailaren 10etik 14ra- agenda "xume" bat antolatu zuela eta baimenak denborarekin eskatu "eta osasun neurri guztiak kontuan hartu" bazituzten ere, baimenak "ukatzeko" azken unera arte itxoin duela salatu dute, "inolako argudiorik eman gabe". 

"Denok gara jakitun aurten ere Altsasuko jaiak normaltasunez ezin izango direla ospatu". Osasun egoera erreparatuta pandemia aurretik bezalako festak ez antolatzea "logikoa" ikusten du jai batzordeak. Gaineratu duenez, "ikusten ari gara pixkanaka kultur eskaintza hazten doala, kalean antzerkiak, musika, ikuskizunak eta mota horietako ekimenak herriz herri antolatzen ari direla". Iortia kultur gunean udan zehar egon diren emanaldiak eta datozen astetan izango direnak, esaterako, "normaltasunerantz bideratuta ekimen guzti hauek, herria bizitzeko helburuz eta Altsasuarrok gustura hartzen ditugunak". 

Altsasuko festetako datetan antolatutako ekimenak bide honetatik antolatu dituzte, "herriko taldeen kontzertu bat, haurrendako ikuskizun bat, txarangaren emanaldi bat, gaiteroak, besteak beste". Osasun neurriak kontuan hartu zituztela eta baimenak "denborarekin" eskatu zituzten arren, udalak ez du egitaraua baimendu. Egitaraua zehazteko bilerak eskatu dituztenean "hauei uko" egin dietela salatu dute ere.