Astekaria

"Konturatu gabe ikasten ditugu gauzak"

Erkuden Ruiz Barroso 2021ko ira. 14a, 12:18

Susana Santano Diaz euskara ikaslea AEK-ren egoitzan.

Susana Santano Diaz altsasuarrak betidanik izan du gustukoa euskara, eta ikasi nahi zuen. AEK-ko Itsasi euskaltegiko ikaslea da orain.

Aurten laugarren ikasturtea eginen du Altsasuko egoitzan.

1. Noiz hasi zinen euskara ikasten?
Ni duela hogei edo hogeita bost bat urte hasi nintzen ikasten. Intentsibo batean hasi nintzen, uda batean. Gero ikasketak egitera Iruñeara joan nintzen, eta euskara alde batera utzi nuen. Gutxi gorabehera hogei urteren ondoren, duela hiru urte, hasi nintzen berriro, eta aurten nire laugarren ikasturtea izango da.

2. Zerk mugituta hasi zinen?
Betidanik gustatu izan zait euskara ikastea, beti neukan ideia hori buruan. Oporretan ez neukan ezer egitekorik, eta horrekin hastea pentsatu nuen.

3. Itzultzea erabaki zenuen, zergatik?
Ezkondu nintzen, bi seme izan nituen, eta seme txikia eskolan hasi zen. Orduan, niretako hiru ordu nituen goizetan, eta gogoratu nintzen euskara oso gustuko nuela eta berriro hastea pentsatu nuen. Gainera, lana aurkitzeko, euskara behar nuen. Bi gauza horiek izan ziren. Beti neukan buruan, baina aitzakiak aurkitzen nituen. Momentua iritsi zela pentsatu nuen, deitu nuen, eta horrela, bai ala bai, joan behar nintzen.

4. Gogoratzen zinen?
Lehenengo egunean oso urduri joan nintzen. Hasiera oso berezia izan zen. Edurnerekin hitz egiten egon nintzen zer maila neukan ikusteko, eta hasierako mailan, zero mailan, hasi nintzen. Dena ahaztuta nuela uste nuen nik. Lehenengo astean dena gogoratzen hasi nintzen, ordea, eta beste maila batera igo nintzen. Bertan ematen zena ere nik banekien, eta bigarren mailan gelditu nintzen. Aurten B2 mailan hasiko naiz. Asko ikasten ari gara, nabaritzen da.

5. Nolakoak dira klaseak?
Oso atseginak. Oso erraz ikasten da. Ez ditugu bakarrik fitxak egiten. Gauzak modu desberdinean egiten ditugu, eta konturatu gabe ikasten dugu. Esaterako, filmak ikusten ditugu, jokoak, albiste bat irakurtzen dugu eta komentatzen dugu edo titularra idatzi behar dugu, bideo bat, errezeta bat egin eta gero grabatzen digute hitz egiten askatzeko… Hitz egiteko lotsa handia dugu. Nik behintzat.

6. Oso praktikoak dira, ezta?
Fitxak ere egiten ditugu. Dena ez da horrela. Gainera, aditzak ikasteko nik ez dut beste modu bat aurkitu. Baina eguneroko gauzak lantzen ditugu.

7. Azterketak eta probak egiten dituzue?
Normalean, ez. Ez daukagu presio hori. Ni pentsatzen ari naiz aurten azterketara aurkeztea, nire helburuetako bat da. Oso lasai egoten gara, hala ere.

8. Zer lortu nahi duzu?
EGA ateratzea beste maila batean dago, baina nire lehenengo helburua tituluren bat lortzea zen. Baina orain ikuspuntua aldatzen ari naiz. Lotsarik gabe eta konfiantzarekin hitz egin nahi dut. Hori lortu nahi dut. Norbaitekin elkartzen banaiz, berarekin lotsarik gabe hitz egitea. Pentsatzea: zuk badakizu eta ahal duzu. Pixkanaka ari naiz, eta oso harro nago.

9. Euskara ez ikasteko aitzakietako bat da zaila dela. Zer diozu?
Zaila da. Aditzak, deklinabideak, mugagabeak… Gaztelaniarekiko oso desberdina da. Orduan, txipa aldatu behar duzu. Normalean, gaztelaniatik itzuli egiten dugu, eta horrela ezin da. Beste forma bat du, eta txipa aldatu behar da. Baina oso polita da. Desberdintasun hori oso polita da. Kostatzen da, baina lorpenak ikusten dituzunean aurrera egiteko gogo gehiago sartzen zaizu.

10. Alde txarra? Eta ona?
Zaila da zerbait esatea, ni oso gustura noa. Orain denbora gehiago daukat, baina hasi nintzenean niretzako hiru ordu nituen. Zazpi urte neraman goizetan libre izaten, eta etxean oso lasai nengoen. Errutinak nituen. Orduan, ordu horiek euskarari eskaintzea… baina merezi du. Eta oso giro ona sortzen da. Ikaskideekin, irakasleekin… gauza asko egiten ditugu, eta niri oso erraza egiten ari zait. Nire esperientzia da, noski. Baina giroan nabaritzen da gustura joaten zarenean.

11. Zer egin zenuen euskaltegian izena emateko?
Euskaltegira deitu nuen (948 468 258) eta Patxirekin, zuzendariarekin, hitz egin nuen. Berak esan zidan maila jakiteko proba egingo nuela, eta horrela maila batean edo beste batean jarriko nindutela. Prezioak eta dirulaguntzak azaldu zizkidan ere. Oso argi neukan.

 

Erlazionatuak