Txirrindularitza

Ailetz Lasa bosgarren Rotak esprintean irabazitako 92. Altsasu Txirrindularitza Proban

Gema Lakuntza eta Maider Betelu 2021ko ira. 13a, 13:00

Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako lasterketan 131 txirrindularik hartu zuten irteera, 73 sailkatu ziren eta bukaerako esprintean Lizarte taldeko Raul Rota gailendu zen

Lainopean abiatu zen, atzo, 92. Altsasu Txirrindularitza Proba, Altsasu Kirol Elkarteak antolatutako lasterketa, espainiar estatuko proba beteranoena dena. Sakanan egun jokatzen den afizionatuen mailako lasterketa bakarra da, Euskaldun Torneorako puntuagarria zen azkena. Horrela, afizionatuen tropeleko txirrindulari onenak bildu ziren bertan, 131 txirrindulari guztira. 140 kilometro osatu behar izan zituzten, joan den urtean baino 10 km gehiago, antolakuntzak egindako aldaketei esker. Altamira 6 aldiz igo behar izan zuten, baina Bakaikuraino iritsi beharrean Ameztiako auzora bitan igo ziren. Hori izan zen aldaketa nagusia. 

Lasterketa hasi eta berehala 7 txirrindularik egin zuten aurrera, eta lasterketa ia gehienean tropelarekiko aldeari eutsi zioten. Baina helmugarako 40 kilometroren faltan, tropelak hortzak estutu zituen, abiadura handitu, eta ihesaldia bertan behera uzteko asmoarekin hasi zen lanean. Tarte horretan, Unai Iribarrek eta Alberto Serranok ihes egindakoak harrapatu zituzten, lau atzean geratu ziren, eta boskote bat geratu zen aurrean. Etengabeko mugimenduak izan ziren, eta, azkenean, 11 txirrindulariz osatutako taldea iritsi zen batera helmugara (3:10:30). Euren arteko esprintean, Raul Rota (Lizarte) gailendu zitzaien Daniel Caviari (Eiser) eta Xabier Berasategiri (Laboral Kutxa). Ailetz Lasa (Laboral Kutxa) izan zen lehen sakandarra, bosgarren postuan, eta bere taldekide Iker Mintegi altsasuarra hamaikagarren sailkatu zen, guztiak lehen taldean. 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Andoni Ocaña urdiaindarra (Vegabike Ciclismo Riojano) 49. postuan sartu zen, eta Iker Cerviño irurtzundarra (Telcom) 52. tokian. Mendiko sailkapena Unai Esparzak irabazi zuen (Lizarte) eta tartekako helmugena, Andoni Lopez de Abetxukok (Rural Kutxa). Taldeka, Lizarte izan zen onena. Xabier Berasategik (Rural Kutxa) irabazi zuen Euskaldun Torneoa. 

Montesinos eta Lopez Zornoza gogoan
Sari ematea egin baino lehen, antolakuntzak, Altsasu Kirol Elkarteak, berriki zendutako Miguel Angel Montesinosi eta Luis Lopez Zornozari omenaldi xumea egin zieten, Altsasun kirola, eta bereziki txirrindularitza, sustatzeko egindako lanagatik.