Altsasuarrek 12:00etan ezkila errepikekin duten hitzordua gaur, irailak 14, despeditu da. Eta, ohikoa den moduan, lehen errepika bezain luzea izan da, 20:00 minutu inguru; gainontzeko egunetan motzagoak izan baitira. Kanpai dorrearen aurrean jendea bildu da, azken errepika entzuteko, eta bukatu denean txalo egin dute, pandemiaren aurretik gertatzen ez zena.
Maiatzaren 3tik irailaren 14ra dauden 134 egunetan txandakatuz joan dira ezkila joleak. Pedro Jimenez, Belen Rubio, Jesus Bengoetxea eta Asier Beramendi izan ziren lehen eguneko joleak. Azken errepikean Belen Rubio, Jesus Bengoetxea, Asier Beramendi eta Felix Martinez aritu dira, eta udan Rubio, Bengoetxea anaiak (Jesus eta Iñaki) eta Joan Kepa Evert aritu dira. Lau egunetan baino ez dute huts egin.
Kanpaia joleak
Belen Rubiok bizitza osoan entzun du errepika etxetik. Duela sei urte jotzera animatu zen, baina kanpaia txikiak baino ez zituen jotzen. Aurten ezkila handiekin animatu, eta historian Altsasuko errepikan jotzen duen lehendabiziko emakumea bihurtu da. Asier Beramendiren 33. errepikak izan dira, 1988tik ez baitu huts egiten. Garai horretan hasi zen Felix Martinez ere, 1990. urtean, 10 urte zituela. Gaur jo dutenen artean berriena Jesus Bengoetxea da, 2008. urtean hasi zena.
Ezkila errepika galdu egin ziren eta 1970ko hamarkadaren hasieran berreskuratu ziren. Garai batean, maiatzeko gurutzetik iraileko gurutzeraino jotzeaz aparte, altsasuarrek beste bi egunetan jotzen zuten: Urteberri egunean auzatearen bitartean eta Santa Ageda bezperan.