Udalak hezkuntza arloko dirulaguntzen deialdia egin du

Guaixe 2021ko ira. 21a, 09:29
Altsasuko udaletxea. ARTXIBOA

Ikastetxeak, irakaskuntza kooperatibak eta guraso elkarteak aurkez daitezke deialdira. Eskabideak aurkezteko epea irailaren 30eko 14:00etan despedituko da.

Altsasuko Udalak herriko ikastetxeei zuzendutako dirulaguntza deialdia egin du. Heldu den ikasturtera begirako deialdia da eta bertara bere eskabideak ikastetxeek, irakaskuntza kooperatibek eta guraso elkarteek aurkeztu ditzakete. Laguntza deialdiak lau lerro ditu. Lehena, hezkuntza proiektu berritzaileendako dirulaguntza da, eta haren bidez udalak hezkuntza eskaintzaren eta zerbitzuen kalitatea, trukea, parte hartzea eta herritarrek baliabideak aprobetxatzea bultzatzeko programatzen diren hezkuntza ekimenak finantzatzeko izanen da. 

Bigarrena, berriz, berrikuntzaren bidez irakaskuntzara bideratutako materiala hobetzeko programen dirulaguntza da. Haren helburua da irakaskuntzara bideratutako eskola materiala hobetzea da, material hori berrituz eta, horrela, irakasleen eta ikasleen errendimendua hobetuz. Udalaren hirugarren laguntza lerroa eskolaz kanpoko euskarazko jardueren gastuetarako dirulaguntza da.  Horrela, udalak diruz lagunduko du beste pertsona fisiko edota juridiko publiko edota pribatu batzuek bere gain hartzen ez dituzten gastuak, jarduera horiek ahalik eta ondoen garatzen direla bermatzeko. Eta, azkenik, eremu akademikotik kanpo gauzatuko diren euskarazko jarduerak egiteko, A, B eta D ereduko ikasleei zuzenduta daudenak. Horrekin Altsasuko Udalak lortu nahi duena da eskola eremuan euskara sustatzen laguntzea, jarduera ez akademikoen bidez.

Altsasuko Udalak laguntza deialdi horretarako 15.000 euro bideratu ditu, honela banatuta: lehen laguntza lerrorako 5.000euro, bigarrenerako 7.000, hirugarrenerako 2.000 eta laugarrenerako 1.000.  Deialdiari buruzko xehetasun guztiak Altsasuko Udalaren www.altsasu.eus webgunean daude.